Iberdrolak baldintzak onartu ditu eta Energy East erosiko du

6.400 milioi euro ordainduko ditu AEBetako ipar ekialdeko argindar eta gas banatzailearen truke

Erredakzioa
2008ko irailaren 11
00:00
Entzun
Iberdrolak onartu egin ditu New Yorkeko Estatuko Zerbitzu Publikoen Batzordeak Energy East energia konpainia erosteko ezarri dizkion baldintzak. Ondorioz, erakunde horren onespena jaso eta Energy East erosiko du. Iberdrolak 6.400 milioi euro inguru ordainduko ditu Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) konpainiagatik, iazko ekainean hitzartu zutenez. Horietatik hiru mila milioi Energy Easten zorrari dagozkio.

Energy Eastek batez ere argindarra eta gasa garraiatzen eta banatzen ditu AEBetako ipar-ekialdeko bost estatutan: Connecticut, Maine, Massachussetts, New Hampshire eta New York.

Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentearen esanetan, Energy East «plataforma garrantzitsua» izango da Iberdrolaren hazkundea bultzatzeko gakoa den merkatuetako batean: AEB.

New Yorkeko Zerbitzu Publikoen Batzordeak Iberdrolari ezarri dizkion baldintzen artean dago 194,4 milioi euro berriz inbertitzea irabazi positiboengatik egindako egokitzean. Horren bitartez, argindar eta gas faktura merkeagoa izango da.

Iberdrolak datozen bi urteetan 141 milioi euro inbertitu beharko ditu energia berriztagarrietan. Iberdrolak jada 70,7 milioi inbertitzea aurreikusi zuen. Baldintza hori betetzen ez badu, 17,6 milioi euro gastatu beharko ditu Energy Eastek lan egiten duen lurraldeen garapen ekonomikoan.

Baldintza horiez gain, Iberdrolak saldu egin beharko ditu erregai fosilak erabiltzen dituzten Energy Easten energia plantak eta beren adarrak. Eta eutsi egin beharko die sareen inbertsioei eta zerbitzuaren kalitateari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.