Enpresak

Iberdrolak ez du Euskal Herrian jarriko elektrolizagailuen lantegia

Cummins AEBetako enpresak Guadalajaran eraikiko duen fabrikaren bezeroa izango da

Sanchez Galan Iberdrolako burua, Urkullurekin eta Tapiarekin, artxiboko irudian. DAVID AGUILAR / EFE
Iker Aranburu - Irune Lasa
2021eko maiatzaren 24a
11:57
Entzun

Hidrogenoaren inguruan sortzen ari den industriaren hanka bat galtzeko zorian dago Euskal Herria: elektrolizagailuen fabrika handi bat. Horretarako asmoa zuten Iberdrolak eta Ingeteamek, haien artean sortutako Iberlyzer enpresaren bitartez. Biek ala biek egoitza Euskal Herrian dutenez, eta Eusko Jaurlaritzak ere esku hartzeko borondatea zuenez, aukera handiak bazeuden fabrika berria Euskal Herrian kokatzeko. Baina azken hitza ez dute haiek izan, proiektua aurrera ateratzeko behar zuten bazkide teknologikoak baizik, eta Cummins AEBetako enpresak ez du Euskal Herria hautatu, Guadalajara baizik (Gaztela-Mantxa, Espainia). Haren bezero izango da Iberdrola, eta hornitzaile, berriz, Ingeteam. Iberlyzerren euskal lantegia, hortaz, jaio aurretik hil den proiektu bat izan da.

Elektrolizagailuak, hain zuzen, uretatik hidrogenoa bereizi eta energia iturri gisa erabili ahal izateko aparailuak dira. Garatzen ari den teknologia da elektrolizagailuena, eta gaur-gaurkoz ez da erraza makina handiak egitea. Baina, uste denez, hurrengo urteotan haien behar handia izango da, EBk hidrogenoaren aldeko apustua egin duelako trantsizio energetikoan. Iberdrolak eragile garrantzitsua izan nahi du arlo horretan, eta kontratu bat badu datorren urtetik aurrera hidrogenoz hornitzeko Fertiberia ongarrietako enpresa espainiarra.

Elektrolizagailuen lantegia Euskal Herrian jartzeko aukera «Eusko Jaurlaritzaren esku» zegoela esan izan duen arren, atzo Gaztela-Mantxaren aukeraketa txalotu zuen Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak: «Pozten gara proiektua kokatu delako maite dugun eskualde batean; harekin konpromiso historiko bat dugu». Iberdrolako iturriek onartu diote Berriari Cumminsek izan duela azken hitza lantegiaren kokapenari buruz,   baina ez dute arrazoia azaldu. Edonola ere, El Correo egunkariak kaleratu du diru-laguntza publiko handiagoak jaso ditzakeela proiektuak Guadalajaran —inbertsioaren %25—, Europako Batasunak gainbeheran dagoen eremutzat duelako; Euskal Herrian, ordea, gehienez %10eko laguntza jasoko zukeen proiektuak.

Elektrolizagailuen lantegia Euskal Herrian ez jartzeak balio erantsi handiko ehunka lanpostu ez sortzea dakar. Jaurlaritzarentzat ere kolpe handia da, Euskadi Next planean sartuta baitzuen EBren funtsak jasotzeko hautagaien artean baitzuen. Ekonomiaren Garapeneko Saileko iturri ofizialek ez dute proiektuaren porrota baloratu nahi izan. «Erabakiaren berri ofizialik ez dagoen bitartean ez dugu ezer esango», azaldu diote Berria-ri. Arantxa Tapia Madrilen izango da bihar, Reyes Maroto Industria ministroarekin, eta gaur agerraldia du, gobernu bileraren ondoren.

Petronorren proiektua

Edonola ere, Iberlyzerrena ez da Euskal Herrian elektrolizagailuak eraikitzeko proiektu bakarra. Martxoan, lantegi bat egiteko asmoa dutela iragarri zuten Petronorrek eta Sener Bizkaiko ingeniaritza enpresak. Oso litekeena da fabrika Portugaleten eraikitzea (Bizkaia). 120 milioi euroko inbertsio bat izango da; aurten hasiko dira eraikitzen, eta 2022rako hasiko da lanean, erabat bukatuta ez egon arren. Hasieran 50 edo 60 langile inguru izango dituela kalkulatu dute, baina aurrerago ehunera ere iritsiko dira.

Lantegi horretan egitekoak diren elektrolizagailuak BH2C Hidrogenoaren Euskal Korridorearen proiektuak hidrogeno berdearekin (CO2 isuririk gabekoa) hornitzeko izango dira hasiera batean, hala nola Abanton eraikitzen ari diren parke teknologikoa, Petronorrek Bilboko portuan eraikiko duten erregai sintetikoen fabrika, eta Petronorren findegia bera.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.