Ekonomia

Iberdrolak Lemoizen ziklo konbinatuko zentrala egin nahi duela salatu du Sabin Aranak

Garai batean zentral nuklearra egin nahi zuten leku berean, Iberdrolak ziklo konbinatuko zentrala eraikitzeko asmoa duela jakinarazi du Sabin Arana Bizkaiko Lan eta Trebakuntza diputatuak. Iberdrolak, ostera, diputatuak esandakoa ukatu du.

2004ko uztailaren 26a
17:31
Entzun
Bizkaiko Foru Aldundiko Lan eta Trebakuntza diputatu Sabin Aranak salatu du Iberdrolak ziklo konbinatuko zentral bat egin nahi duela Lemoizen. Adierazpen hori diputatu moduan egin dituen bost urteen analisia egiteko eman duen prentsaurrekoan egin du Aranak. Izan ere, azken egunotan EAren barruan izan dituen gorabeherak medio, kargua utzi du gaur.

Iberdrolak, bere aldetik, Aranak salatutakoa ukatu egin du.

Arana, EAko kidea,bost urtez izan da Bizkaiko Foru Aldundiko Lan eta Trebakuntza diputatua, baina azkenaldian, liskar handiak izan ditu alderdiko zuzendaritzarekin. Hain zuzen ere, EAko buruzagitzak konfiantza kendu dio Aranari, eta, ondorioz, kargua utzi du.

Hain justu, diputatu gisa eman duen prentsaurrekoan agertu du Iberdrolaren asmoa zein den. Aranaren arabera,zentral nuklearra izan behar zeneko eremuan ziklo konbinatuko zentrala egin nahi du Iberdrolak.

Atlantis proiektua: zentralaren ordez, zientzia eta teknologia museoa

Sabin Aranak azaldu du berak beste proiektu bat bultzatu nahi izan duela eremu horretan: Atlantis proiektua. Proiektuaren oinarria zientzia eta teknologia museoa izango litzateke. Aranak adierazi duenez, Atlantis proiektuak zentral nuklearra izan behar zena aisialdirako parke tematikoan bilakatzea du helburu. Parkeak, aipatu museoaz gain, planetarium bat eta hezkuntza eta formakuntzarako zentro bat edukiko ditu.

Gaiaren inguruan ikerketa bat bultzatu duela esan du Aranak. Inkesta Ikerfel enpresak burutu du Lemoizko herritarren artean. Guztira 900 herritarrei egin die galdeketa Ikerfelek eta gehiengoak Atlantis proiektua nahiago duela ondorioztatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.