Lan gatazka

Iberdrolaren CTC azpikontratak 70 langile kaleratu ditu

Legeak finkatzen dituen urratsak errespetatu gabe hautsi ditu kontratuak, ELA sindikatuak salatu duenez.

xabier martin
2015eko martxoaren 5a
08:18
Entzun

Beharginei inolako jakinarazpenik egin gabe kaleratu ditu CTC enpresak Iberdrolaren kontagailuak irakurtzen zituzten 70 langile. ELA sindikatuak dio CTC Iberdrolaren azpikontratak legeak finkatzen dituen urratsak baztertuta hautsi dituela langileen kontratuak. "Ez diete inolako informazioarik eman, ezta kaleratze gutuna ere. Gizarte Segurantzan baja eman diete, eta ez CTCk ez Iberdrolak ez dute inolako kezkarik azaldu 70 langileen egoera dela eta".

ELArentzat "lotsagarria da Iberdrolak milioietako kontuak jakinaraztea, eta aldi berean arazorik ez edukitzea azpikontratetan sufritzen duten langileak ustiatzeko". Bihar goizerako elkarretaratzera deitu dute Iberdrolaren dorrearen aurrean (Bilbon) mobilizazio egutegi oso baten lehenengo ekitaldi gisa. ELAk jakinarazi die Iberdrolaren bezeroei euren kontagailuen kontrola ez dagoela "bermatua", baina "konpainiak nahi dituen tarifak" kobratuko dituela.

UTE Emergencias Gipuzkoa ORPRICEEn

Bestalde, Adolfo Muñozen sindikatuak ohartarazi du sektoreko ituna urratu nahi duela UTE Emergencias Gipuzkoa enpresak, eta alde biek adostutako hitzarmena baztertzeko ORPRICEE arbitratze organora jo duela. "Patronala garbi uzten ari da beste behin negoziazio kolektiboari uko egiten diola". Confebask Mariano Rajoyren lan erreformaren "muturreko erabilera" egiten ari dela esan du ELAk, eta anbulantzien Gipuzkoako enpresaren kasua eredugarrria dela hori ikusteko. 

"Aspaldian esaten ari gara patronalak ez duela ezer negoziatu nahi, erreformak dena eman diola, eta tresnak dituela lan baldintzak nahi eran kaltetzeko". ORPRICEE arbitratze organoa tresna horietako bat da ELArentzat, eta zerbitzu publikoa emateko dagoen enpresak sektoreko ituna bere kabuz bertan behera utzi nahi izanak garbi erakusten duela tesi hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.