enpresak

Ibermaticako greba erantzun "ia erabatekoa" ari da izaten

187 langileek salatu dute ez enpresak ez Kutxabankek ez diela inolako informaziorik ematen.

Berria.info
2013ko otsailaren 12a
18:25
Entzun

Lanpostuak kolokan ikusten dituztela eta, lau eguneko greba hasi dute gaur Ibermaticako langileek. Bostehundik gora langile ditu konpainiak Donostian, eta horietako 187 Kutxabanken informatika zerbitzuaz arduratzen dira. Aloña Ibarluzea ELAko ordezkariaren esanetan, azken horien artean "ia erabateko erantzuna" ari da izaten protesta, eta enpresako beste langile batzuek ere bat egin dute. Goizean enpresaren aurrean elkartu dira grebalariak, eta jarraian Adegiren egoitzara joan dira. 14:30ean Kutxabanken aurrean dira biltzekoak, Portuetxe bidean.

Langile batzordeari iritsi zaion informazioaren arabera, IdE Informatica de Euskadi taldea arduratuko da aurrerantzean Kutxabanken informatika sistemaren garapenaz. Gaur egun, 700 lagunek lan egiten dute BBK, Kutxa eta Vitalen zerbitzu informatikoetan, eta horietatik 238 Ibermaticakoak dira —187k Donostiako zentroan—. Hain zuzen, horiek dira informatika sistemak Bizkaian zentralizatzearen ondorioz kaleratzeko arriskuan daudenak. Amaitzear da hiru euskal kutxen sistema informatikoen bat egite prozesua: otsailaren 15ean bat egingo du Vitalek, eta martxoaren 15ean Kutxak. Datak oso hurbil egon arren, erabat ziurtasunik gabe bizi direla salatu dute langileek, ez Kutxabankek ez Ibermaticak ez dielako inolako azalpenik eman.

Donostiako zentroko ELAko ordezkariek azaldu dutenez, hilabeteak daramatzate zuzendaritzari informazio eske, baina ez dute erantzunik jaso. Orain arteko mobilizazioek ez dutela zuzendaritzan aldaketarik eragin aitortu dute, eta horregatik hasi dute greba. Hala eta guztiz ere, oraingoz "mugimendurik ez" dagoela dio Ibarluzeak.

Ibermaticak Derion, Gasteizen, Donostian eta Elgoibarren ditu bulegoak, eta enpresako akziodun nagusia Kutxabank da (%48 inguru). Langile batzordearen arabera, Kutxabankek saldu egin nahi ditu Ibermatican dituen akzioak. Konpainiak 246,2 milioi euroren negozio bolumena du, eta 7,5 milioiren irabaziak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.