IBILGAILU GEHIAGO. Auto salmenta %9 hazi da Hegoaldean

Interes tasa txikiek eta finantziazio errazak lagunduta, 47.725 kotxe berri saldu dira urtarriletik uztailera bitartean

SAIOA MUJIKA - DONOSTIA
2004ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Urtarriletik hona, petrolio upelaren prezioak gora egin du, eta azken urteetako preziorik garaiena lortu du. Igoerek gasolinaren prezioa garestitu egiten dute eta gidari guztien haserrea sortu. Hala ere, erregaien kontsumoa ez da jaitsi, eta gero eta kotxe gehiago erosten jarraitzen du jendeak.

Urte hasieratik uztaila bitartean, iazko urteko tarte berean 4.069 auto gehiago saldu dira Hego Euskal Herrian, Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren eta Anfac autogileen patronalaren datuen arabera. Guztira 47.725 kotxe, 2003an baino %9,32 gehiago. Ipar Euskal Herrian, berriz, merkatua bere hartan dago. CCFA Frantziako autogileen elkarteak bildutako datuek diotenez, Pirinio Atlantikoetan 9. 515 auto saldu dira urtarriletik ekainera bitartean, aurreko urtean baino %0,6 gehiago. 2002arekin alderatuta, %5 inguru gutxiago.

Interes txikiak eta auto zaharrak

Anoetako Irovisa-Citroen auto saltokiko arduradun batek azaldu ditu Hego Euskal Herriko salmenta handien arrazoiak:«Alde batetik, interes tasak ahal den moduan estu mantentzen ari gara; bestetik, autoen parkea oso zaharra da eta berritzen ari direnez, erosleak berreskuratzen ari gara. Eta azkenik, kotxearekiko daukagun gero eta menpekotasun handiagoa ere hortxe dago». Edonola ere, auto saltoki horrek onartu du interesek gora egiten badute hala iragarrita dago urtearen amaierarako salmentak agian apaldu egingo direla. «Eroslearen gogoan eragin handia izan dezake kotxea erosteko orduan».

Salmentak inoizko handienak direnik ez du uste, berriz, Lasarteko Aldikar Autoak-eko Felix Jauregik. «Lagun batzuekin hitz eginda, salmentak 2003an eta 2004an berdintsu dabiltzala pentsatzen dut. Renting eta leasing enpresak, ordea, asko matrikulatzen ari dira», azaldu du Mitsubishi autoen saltzaileak.Antzerako iritzia dute Beasaingo Autowag-en Volkswagen taldeko auto saltokia: «Gehienezko historikorik ez dugu lortu. Iazko salmentak gainditu arren, nahiko parekatuta gabiltza».

Petrolioak badu bere garrantzia

Oraingoz salmentan eragin handirik izan ez duen arren, petrolioaren prezioa kezka iturri da. «Petrolioaren eraginez prezioek gora egiten dute, eta horrek interesen igoerak baina garrantzi handiagoa dauka. Une honetan kezka handiena petrolioaren erokeria hau da. Gasolinaren prezioa asko igo da eta lehenagoko diru berarekin kilometro gutxiago egiten ditugu. Interesen igoera eman arte, gasolinaren prezioarekin nahikoa dugu», azaldu du Jauregik.

Agian erregai merkeagoa delako eta gutxiago kontsumituko duelako-edo, diesel eta gasolina motorren artean aukeratu behar dutenean, lehenengoa ateratzen da garaile. Beasaingo Autowag kontzesionarioaren kasuan, saldutako kotxeen %90 gasolioa zerabilten erregai gisa. Anoetako Irovisan dieselak salmenten %75 izan ziren eta Lasarteko Mitsubishiren kontzesionarioak, aldiz, turbo dieselak bakarrik saltzen ditu. Hala ere, badira gasolinari leial jarraitzen diotenak.

Saltoki batzuek besteek baino gutxiago antzeman dituzte prezioen gorabeherak. Alde horretatik, lasaiago daude Autowagen. «Gure bezeroen erosteko ahalmena erdi mailakoa eta handia da. Bezero asko enpresariak dira: saldutako Audi A4en erdia enpresek erositakoak izan ziren, eta A6en kasuan %80. Gure finantziazio gradua beste kontzesionarioetakoa baino askoz ere baxuagoa da. Horregatik ez dugu nabaritzen interesak aldatzen direnean, bai gora eta bai behera egiten duenean; salmentak maila berean dabiltza».

Finantziazio erraza

Irovisan, ordea, prezioak garrantzi handiagoa du. «Citroena erosten duenak, normalean Golfa erosten duenak baino erosteko ahalmen txikiagoa dauka. Kotxe merkeagoak dira eta horri beti begiratzen dio erosleak. Gure kasuan bi semeko familiak izaten dira ohikoenak»,azaldu du Anoetako saltzaileak. Gauzak horrela, Citroenek aukera handiagoak ematen ditu autoaren erosketa mailegu bitartez finantziatzeko.

Salmentak pizteko Alemanian edo AEBetan hedatu diren osagarriak ez dira hain handiak Euskal Herrian. «Mitsubishiren kasuan, eskaintza bereziren bat egiteko erabakia multinazionalak hartzen du. Deskontu bereziak, publizitatea eta marketingari buruzko guztia Japonian erabakitzen da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.