Hego Euskal Herrian ez ezik, Europako beste herrialde batzuetan ere gorakada handia izan du autoen salmentak. Espainian %12,57 handitu da urtarriletik uztailera, eta %23,7 Danimarkan, eta %11,9 Belgikan ekaina arte. Alemanian eta Frantzian, berriz, bere horretan dago salmenta. Ibilgailuen salmentak ekonomiaren osasuna erakusten duela dioen teoria indartuta geratu da horrenbestez.
Frantzian merkatuak piskat atzera egin du: %1,6 txikitu da %2,9 lan egunak soilik zenbatuta. CCFA autogileen patronalak emandako datuen arabera, maiatzean %4,8 hazi zen eta ekainean %6,3. Datu horiekin, urtea zenbaki beltzekin amaitzea espero zuten, baina uztailak kolpe latza eman die: 168.461 auto matrikulatu ziren, aurreko urtean baino %10,1 gutxiago.Nabarmena da, gainera, autogile frantziarrak merkatua galtzen ari direla. Beren salmentek %14 egin zuten behera uztailean, baina oraindik merkatuaren %54,9 kontrolatzen dute. Atzerriko autogileek ia hiru puntuko merkatu kuota eskuratu dute urtebetean: %45,1 dute orain, eta %42,6 2003ko uztailean.
Asiarrak gora
Antzera dabiltza Alemanian ere. Urtarriletik ekainera bitartean 1.656.117 auto matrikulatu dira han, aurreko urtean baino 22.000 gutxiago %1,3 gutxiago. Ekaina bera ona izan zen, salmentak %4 handitu baitziren. Alemanian ere, bertako autogileek dute merkatuaren zatirik handiena. Volkswagen taldeak VW, Audi, Seat eta Skoda, nagusiki salmenten %30,4 bereganatu zituen 2003an, %13,4 DaimlerChryslerrek Mercedesen jabea eta %7,8 BMW-Minik.
Orokorrean, tokian tokiko autogileak merkatua galtzen ari dira, merkeago saltzeko gai diren japoniarren eta korearren mesedetan. Japoniarrek merkatuaren %30,5 dute Finlandian eta %28,8 Irlandan, eta %7 inguru eskuratu dute Frantzian eta Espainian ere.Salbuespenen artean dago Italia. Hango autogile nagusia, iaz ia ixteko zorian izan zen Fiat taldea, aspaldiko partez merkatua berreskuratzen ari da: %26,61 zuen ekainean eta %28,22 uztailean.
IBILGAILU GEHIAGO. Frantzian eta Alemanian, salmentak bere horretan
Tokian tokiko auto ekoizleak merkatuak galtzen ari dira asiarren esku
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu