Identifikazio zerbitzua kobratu egingo du Telefonicak urritik aurrera

Orain arte doakoa izan den arren, zerbitzua nahi duten bezeroek 0,58 zentimo ordaindu beharko dituzte hilean

ERREDAKZIOA
2008ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Telefonicako bezeroek beste gastu bat gehiago izango dute beren fakturetan datorren urriaren 1etik aurrera. Izan ere, telefono deiak identifikatzeko zerbitzuarengatik kobratu egingo du telefono konpainiak: hilean 0,50 zentimo ordaindu beharko dira - 0,58 zentimo BEZa barne-. Hau da, urtean, 6,96 euro gehiago. Uztailaren 10ean ADSL zerbitzurik edota tarifa finkorik kontratatuta ez zeukaten bezeroei deiak identifikatzeagatik kobratzen hasi zen Telefonica. Baina orain zerbitzu hori nahi duten bezero guztiek ordaindu beharko dute, edo bestela, baja eman.

2001ean jarri zuen martxan identifikazio zerbitzua doan Telefonicak, Domo pantailadun telefonoa zeukaten bezeroentzat. Orain, berriz, zerbitzu hori «promozio» bat zela arrazoituta kobratzen hasiko direla jakinarazi dute: eskaintza «lehenago ala beranduago» amaituko zela dio Telefonicak. Jadanik telefono fakturetan neurriaren berri ematen hasi direla adierazi dute Telefonicatik: «Enpresak bezeroei aldaketak aurretiaz jakinarazteko duen konpromisoa» bete nahi dutela diote.

Salaketa

Telefono konpainiaren neurri horrek kritika asko jaso ditu, batez ere kontsumitzaileen elkarteen eskutik. Facua elkarteak Telefonicaren aurka salaketa jarriko duela jakinarazi zuen atzo, ekintza hori «legez kanpokoa» dela iritzita. Ruben Sanchez Facuako bozeramailearen arabera, bezeroek baja eman baino lehen alta eman behar dute, eta, horregatik, legez kanpokotzat jotzen du aktibatzeko eskatu ez den zerbitzu batengatik ordainaraztea.

Jadanik zerbitzuarengatik ordaintzen ari diren bezeroei kopuru hori bueltatzeko eskatu dio Sanchezek Telefonicari; izan ere, Facuako bozeramailearen arabera, batez beste faktura 3,5 puztea eragiten baitu neurri horrek.

Datozen egunotan jarriko du salaketa elkarteak Espainiako Kontsumo Institutuan, Madrilgo Komunitatean -bertan baitu egoitza Telefonicak-, eta Espainiako Telekomunikazio Idazkaritzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.