Herritarrek Idiazabal gazta kalitatearekin eta besteen aldean duen berezitasunarekin identifikatzea nahi du EHNEk. Nola? Sor markaren balio erantsia indartuta. Horretarako, gaztari berari ez ezik, esnearen balioa sustatzeari ere garrantzi berezia emango diote, «hura delako sor markaren oinarria».
Ekainaren 2an egingo dira Idiazabal jatorri izeneko hauteskundeak. EHNE, aurreko aldian bezala, Artzai Gazta elkartearekin aurkeztuko da. Atzo egin zuten beren hautagaitzaren aurkezpena. Joxe Mari Uztarroz proposatu dute berriro lehendakari kargurako.
Xanti Etxezarreta eta Jose Manuel Araña hautagaietako bik azaldu zituzten euren programako puntu nagusiak. Eredu intentsiboaren aurka egingo dute. «Argi dugu latxa eta karranzana arrazetan oinarritzen den eredua dela egokiena ahalik eta esplotazio gehien eusteko». Haien esanetan, kanpoko arrazak sartuz gero, prezioak jaitsi egingo dira, eta horrekin batera nekazari asko eta asko desagertu.
Kontrol gehiago ere aldarrikatuko dute. «Iruzurrik egon ez dadin, prebentzio neurriak indartuko ditugu, eta inplikatuen konpromisoa bilatu». Era berean, sindikatuak ahalegin berezia egingo du gaztaren promozioan, eta gaztandegiek Idiazabal gazta bakarrik egin dezaten ahaleginduko dira.
Atzoko agerraldian, sor markaren eredu bera bultzatzen duten hainbat erakundetako ordezkariren babesa izan zuten. Han izan ziren, Miguel Mari Arizaleta sindikatuak Erronkari sor markan duen ordezkaria, Arno Cachenaut Ossau Irati sor markakosortzaileetako bat, Miguel Blanco COAGeko exekutibako kidea eta Zamora sor markako kidea eta Mixel Berhokoirigoin Euskal Herriko Laborantza Ganbarako lehendakaria.
Hauteskundeetara aurkezteko izan dituzten zailtasunak ere salatu zituzten. Enba eta UAGN sindikatuek helegitea jarri zioten EHNE-Artzai Gazta hautagaitzari, haren esanetan,forma arazo txiki batengatik. «Hauteskundeak bozkalekuan beharrean epaitegietan irabazi nahi izan dituzte».
Idiazabal sor markaren balio erantsia sendotzearen alde egingo du EHNEk
Ekainaren 2an egingo diren hauteskundeetarako hautagaitza aurkeztu du sindikatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu