Idiazabalgo gazta babesteko eta iruzurra saihesteko etiketa berria sortu dute

Iruzurra atzeman zutenetik ekoizpena eta salmentak hobeto erregulatu dituztela esan du EHNEK

Mikel Carramiñana.
2009ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Elikagaien kontrolak gero eta zorrotzagoak dira, are gehiago jatorri izenen bat babestu behar duten ekoizleen artean. Idiazabalgo gaztaren irudi eta etiketa berriak aurkeztu zituen atzo, Bilbon, markaren kontseilu arautzaileak. Orain arteko etiketa gorri ezagunari erreplikaezina den zigilu holografikoa jarri dio Idiazabal Gaztaren Jatorri Izena Arautzeko Kontseiluak. Erakundeko presidente Jose Mari Uztarrozek azaldu zuenez, haien produktuaren «balio handia bereiztu beharra» daukate, eta, horretarako, «teknologiarik berriena» erabili dute.

Duela hogei urte baino gehiago ezarri zuten Idiazabalgo gazta jatorri izena, baina, urteotan, eztabaida ugari izan ditu inguruan. 2007an gertatu zen garrantzitsuena: gaztandegi batzuetan irregulartasunak topatu zituzten. Esnearen proteina bat bikoiztu, atzerriko ardi arrazak erabili eta Idiazabalgo gaztaren etiketak baimenik gabe inprimatzen zituzten hiru ekoizle kanporatu zituen Kontseiluak.

Ikerketaren arabera, jatorri izenaren arauak urratzen zituzten146.900 gazta baino gehiago merkaturatu zituzten iruzurraren berri izan aurretik. Queserias Araia, Gaztandegi Dorrea eta La Vasco Navarra gaztandegiak izan ziren zigortutako enpresak.

Aipatutako lehenengoa Aldanondo taldekoa zen. Aldanondok eztabaida berria sortu zuen iaz, Etxegarate izeneko gazta marka aurkeztu zuenean. Idiazabal jatorri izena kudeatzen duen erakundeak ez ezik, Eusko Jaurlaritzak berak ere egin zuen markaren kontra, kontsumitzaileen artean nahasmena sor zezakeelako. Espainiako patenteen bulegoak ezeztatu zuen Etxegarate marka, eta Aldanondok erabiltzeari utzi zion. Etxegarai erregistratu zuen orduan, eta horrekin dihardugaur egun.

Kontrolak zorroztearen alde

Idiazabalgo gazta bakoitza bereizten duen etiketari esker erabilitako esnea eman duen ardiaren izena ere jakin daitekeela esan zuen Uztarrozek atzo. Marka bat baino askoz gehiago babesten dutela azaldu zuten kontseiluko buruek, «gure lurra eta kultura ere defendatzen dugu». Haiek bezala, abeltzainen bizimodua bermatzeko kontrolak zorroztearen alde dago EHNE.

Felix Ajuria sindikatuko Ardi Saileko arduradunak iazko ekoizpenaren emaitzak nabarmendu zizkion BERRIAri. Iruzurra atzeman izanarekin lotu zituen: «Gazta faltsuekin zegokiona baino gehiago zegoen merkatuan, eta prezioak oso baxuak ziren». Bestetik, Idiazabalgo gaztaren ezaugarriak betetzen ez zituzten produktuak kontrol horiei esker aurkitu zituztela nabarmendu zuen, eta, ondorioz, ekoizpena eta salmentak «hobetu» egin zirela.

Idiazabalgo gaztak EHNEk «babesten» duen ekoizpen politikarekin bat egiten duela azpimarratu zuen Ajuriak. Latxa eta Karrantza arrazako ardiekin bakarrik egiten dute lan jatorri izena duten gaztandegiek. Sindikatuak kontseilu arautzailean hartzen du parte, eta kontrolaren aldekoak ez ezik, arauak aldatzea ere sustatu du, Idiazabalgo gazta egiten zuten artzainei arraza arrotzak izatea debekatzearena, esaterako.

Gaur egun, Idiazabalgo gazta egiteko baimendutako 111 ekoizle daude. Urtero bost ekoizle berri inguru sartzen direla esan zuten kontseiluko ordezkariek. 1995ean, 31 gaztandegi besterik ez zegoen, eta ekoizpena egungoaren erdira ere ez zen heltzen.





############



Zenbakia

1.355

Gazta tonak. Iaz 1.335 tona Idiazabalgo gazta merkaturatu zituzten baimendutako 111 ekoizleek. 2007 kopuruari eutsi diotela esan zuen Mirian Molina Idiazabal Gazta Jatorri Izena Arautzeko Kontseiluko kideak.





############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.