Aurtengo urteak lehengo lepotik izango du burua, Ekonomisten Euskal Elkargoak egindako galdeketaren arabera. 587 ekonomialariri egindako inkestaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiak antzera jarraituko du datozen sei hilabeteetan. Elkarrizketatuen erdiek diote apur bat hobetuko dela egoera, eta %42k, berriz, egoera berdintsua izango dela. Eta, egoerak antzera jarraituko duenez, langabeziak behera egiten jarraituko du, baina pixkanaka. Hala uste dute ekonomialarien %57k. Horren eraginez, etxeetan aurrezten jarraitu ahalko dela uste dute hamar elkarrizketatuetatik seik. Ekonomiaren lehiakortasunari begira, jarduera azkarrago piztu dadin, ikerketa eta garapenak zein soldaten bilakaerak zeresana izango duela uste dute gehienek.
Ekonomisten elkargoak sei hilean behin argitaratzen duen inkestan ohiko galderetatik apartekoak egin dizkiete adituei, eta horien artean ekonomiak derrigorrezko hezkuntzan izan beharko lukeen garrantziari buruz hitz egin dute. Ildo horretan, finantza produktuen eta zergen zergatia azalduko luketen edukiak eskaini beharko litzaizkieke ikasleei. Kataluniako egoeraren inguruan galdetuta, bestalde, datozen sei hilabeteetan gerta daitezkeen gorabeherek politikoki eragingo dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, ekonomialarien inguruan. Gainerakoan, komertzialki nahiz finantza ikuspegitik gehienek uste dute ez duela asko eragingo.
Gizon-emakumeen berdintasunari dagokionez, ekonomialariek ez dute genero arrazoiengatik ezberdintasunik nabaritu. Soldatari, lanerako aukerei zein hezkuntzara iristeko dauden erraztasunei dagokienez, gutxik erantzun dute aldeak badaudela. Elkarrizketatuen %73,2ren arabera, soldatetan ez dago ezberdintasunik, edo oso txikiak dira. Baina ikuspegia aldatu egiten da emakumeek emandako erantzunei begiratuz gero, %40k uste baitute soldatan eragina duela generoak.