J. G. R., 43 urtekoa. Euskal Herrian lan istripuen ondorioz hil den azken langilea. Obra batean ari zen, karga-altxagailu baten zuloa igeltsuztatzen. Karga-altxagailuak harrapatu egin zuen, eta bertan hil zen. ELAren eta LABen arabera, aurten Hego Euskal Herrian lanean hil den 21. langilea da. Hogeita bat horietatik zazpi eraikuntzako langileak ziren.
Istripua 11:30ak aldera gertatu zen, Bilboko Barrainkua kaleko 11. zenbakian. Bi langile ari ziren karga-altxagailuaren zuloa igeltsuztatzen. Osalanen esanetan, karga-altxagailuaren goiko aldea plataforma gisa erabili zuten, solairuetan gora eta behera ibiltzeko, bertan jarritako karga batek hori egitea debekatzen zuen arren.
Oraindik argitu ez diren arrazoiengatik, J. G. R. karga-altxagailuaren eta zuloaren artean harrapatuta geratu zen. Uhaleriak lotuta ari zen lanean.
Osalanen arabera, hildako langilea Balzola eraikuntza enpresako langilea zen. ELAren esanetan, berriz, Bernabe y Jorge azpikontratarena.
Lan baldintza kaskarrak
ELAk eta LABek salatu dute eraikuntzan ohikoak direla lan baldintza kaskarrak: lan erritmo handia, prestakuntza falta, behin-behinekotasuna, azpikontratazioa eta segurtasun falta. Eta, hala ere, ez dela neurririk hartzen horiei aurre egiteko.
«Patronala eta Administrazioa egoera honen konplize dira», dio ELAk. «Egoerak berdin jarrai dezan nahi dute». LABek gehitu du Administrazioak itsu, mutu eta gor jokatzen duela lan istripuen aurrean.
Egoera ikusita, lan segurtasuneko eta lan osasuneko politikaaldatzeko eskatu die ELAk: «Ez du balio esateak gaiak lehentasuna duela edota itxurak egiteko mahai edo bilera hutsaletara deitzea. Enpresek legea bete behar dute, eta enpresen eta obren ikuskatzeek zorrotzak eta benetakoak izan behar dute». Hori eskatu du Euskadiko UGTk ere.
LABen iritziz, langileen eta gizartearen mobilizazioak konponduko du arazoa..
Euskadiko CCOOk baieztatu du zenbait kasutan enpresariek lan segurtasunean erabili beharreko dirua aurreztu dutela, krisi ekonomikoaren ondorioak arintzeko eta irabaziei eusteko.
ELAk kontzentrazioa egingo du gaur 12:00etan lan istripua gertatu zen eraikinaren aurrean. LABek astelehenean bi egingo ditu, bat 11:30ean eta bestea arratsaldean.
Igeltsero bat hil da Bilbon, karga-altxagailu batek harrapatuta
Aurten Euskal Herrian hildako 21. langilea da ELA eta LABen arabera, eraikuntzako zazpigarrena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu