Ignacio Zubiri EHUko Ogasun Publikoko katedraduna kritikoa da Espainiako erreforma fiskalaren proposamenarekin, eta banan-banan desmuntatu ditu haren balizko onurak.
Europan ere BEZa igotzeko joera nagusitzen ari al da?
Herrialde batzuek ez dute igo, eta igo dutenek oso gutxi igo dute. Zeintzuk diren film honetako paganoak? Herrialde erreskatatuak. Izan ere, gainontzeko EBko herrialdeetan BEZa igo den lekuetan zuzeneko zergak ere igo dituzte, bilketa handitzeko. Gehienek ez dute debaluazio fiskalik egin, hori soilik estatu erreskatatuentzat. Azken batean, erreskatatuak lehengo hamabost kideko EBko pobreenak dira. Gero ekialdekoak sartu zirenez, klase ertainean geratu ziren, baina erreskatatuak aberatsen arteko pobreenak dira. EBn sartu eta segituan eraiki zuten ongizate gizartea Bruselako diru laguntzekin, eta orain ez diete erreskatea musu truk eman nahi. Eta, azkenean, estatu aberatsenak dira onuradun handiak, eurak direlako gure hartzekodun nagusiak.
Madrili NDFk eta Bruselak eskatu diote erreforma fiskal hau. Zein asmo dute erakunde horiek?
Eurek esango dute enplegua sortzea dela. Egia da euren simulazio ereduek horixe diotela, baina eredu horiek diseinatuta daude nahi dituzten emaitzak lortzeko. Zerga zuzenak jaistearen atzean zein asmo duen Bruselak? Norbaitek sinetsiko du honek enplegua sortuko duela, baina ekonomia aurreikusten zaila denez eta ez denez aseptikoa, honek erakusten digu helburua dela enpresariek zerga gutxiago ordaintzea eta soldata txikiagoak ordaintzea, haientzat ona delako. Zerga zamaren banaketa berria da, azpian dagoena da ekonomiaren ikuspegi liberala, eta uste dute enpresariak zenbat eta zerga gutxiago ordaindu hobeto dela ekonomiarentzat. Segurua dena da debaluazio fiskal honek enpresarien irabaziak handituko dituela. Bilketa maila handitzen ez bada, zergaren zama batzuetatik besteetara aldatzea baino ez da kontua.
Zein herrialdek egin du debaluazio fiskala emaitza onarekin?
Debaluazio fiskalaren onurak zenbatzerakoan, adibidez, suposatzen dute gizarte kotizazioak jaitsita prezioak jaitsiko dituztela enpresek, aldea euren poltsikora eraman beharrean. Ez dakit ez ote den gehiegi suposatzea. Alemaniak 2007an egin zuen debaluazio fiskala: BEZa hiru puntu igo zuen, eta langabeziarako kotizazioa jaitsi zuen. Azterketa enpirikoek denetik diote, oso zaila delako neurketak egitea ekonomian. Neurri bat justifikatzerakoan, konparazio gisa aztertu behar duzu zer gertatu izango litzatekeen neurri hori hartu izan ez balitz. Eta hori ez dago jakiterik, horregatik naiz ni hain ezkorra.
Espainiak zerga zuzenak jaitsi eta zeharkakoak igo nahi ditu. Zer ondorio izan dezake?
Nori galdetzen diozun, horren arabera. Hasteko, zuzeneko zergen artean bereizi behar dira errenta zerga eta sozietateen zerga alde batetik, eta gizarte segurantzaren kotizazioak bestetik. Gauza bat da zerga zuzenak jaitsi eta BEZaren igoerarekin konpentsatzea, eta beste bat da kotizazioak jaistea eta BEZa igotzea konpentsatzeko.
Zein da desberdintasuna?
Zuzeneko zergak jaitsi eta zeharkakoak igotzearen argudioa ez da sinesgarria, ez da justifikagarria. Kotizazio sozialak jaitsi eta BEZa igotzearen argudioa zalantzazkoa da, baina errazagoa da defendatzea.
Zergatik?
Azkenean, kontua delako nork jasaten duen zergen pisua. Zuzeneko zergak jaitsi eta zeharkakoak igotzearen ideia nagusia —debaluazio fiskalarena— da produktuak erakargarriago egitea nazioartearentzat. Zuzeneko zergak jaitsita soldata, kostuak jaisten dituzu, enpresariek merkeago salduko dute eta gehiago produzituko dute... Baina hori horrela da? Nire ustez, absurdoa da.
Absurdoa?
Pentsatzea errenta aitorpena jaitsita enpresen kostuak jaitsiko direla, suposatzen ari zara langileak gai direla errenta zerga jaitsiz gero enpresariak langileen soldata jaistera behartzeko. Absurdoa da. Zuzeneko zergen pisua ez dago enpresarien gain, langileen gain baizik. Beraz, ez du ez hanka ez bururik esateak zuzeneko zergak jaitsita enpresariak lehiakorragoak izango direnik. Erreforma proposamen honek ez du eraginkortasun hoberik ekarriko, eta erabilitako argudioak falaziak dira.
Esperientziak zer dio?
Ebidentzia enpirikoak dio zergek enplegu eskaintzarengan duten eragina txikia dela. Ez dago inolako ebidentziarik esateko egoera hobetuko denik zama fiskala zerga zuzenetatik zeharkakoetara pasatuta. Gainera, badakigu hori egitean zerga eredu atzerakoia dela. Errenta ertaina edo txikia duenak zenbat gastatzen du kontsumoan? %100, ez duelako aurrezteko tarterik. Zenbat gastatzen du kontsumoan errenta handiko batek? %40 beharbada.
Nazioartean zein da zergaren zama banatzeko joera?
Munduan eraginkortasunaren paradigmatzat jotzen dira AEBak. Bada, han zeharkako zergekin biltzen duten euro bakoitzeko, hiru euro biltzen dituzte zuzenekoekin. Gauza bera gertatzen da Suitzan, Kanadan eta Japonian. Espainian, aldiz, zeharkako zergekin biltzen den euro bakoitzeko, euro bakarra biltzen da zuzeneko zergekin, eta beheranzkoa da joera.
Euskal ogasunei nola eragiten die «adituen» txostenak?
Lehenik eta behin, argitu behar da hemen aditu kategoria ematen duela gobernuak zerbaitetarako izendatzeak berak. Aditu edo jakitun deitze hutsak errespetagarritasuna ematen die euren gomendioei, eta hori saihestu behar genuke. Baina euskal ogasunetara bueltatuz, eskumen osoa dute zuzeneko zergetarako eta ia batere ez zeharkakoetarako. Madrilen neurriak soilik BEZaren igoera eragingo lioke, eta horrek bilketa handituko luke. Halere, Bildu Gipuzkoan dagoenetik izan ezik, EAEko hiru ogasunen orain arteko politika fiskala izan da Madrilen pausoak errepikatzea, betiere zerga tipoa txikiagoa jarrita.
Orduan errenta zerga eta sozietateena ere jaitsiko dituzte EAEn?
Larriena sozietateen zerga jaistea izango litzateke. Baina Espainiak jaisten baditu, azken batean, hemen ere jaitsi egingo dituzte, hemen beti apalagoak izan direlako.