KUTXABANK

Ikerketa batzorde bat osatzeko eskaria babestuko du PPk

Elkarretaratze bat egin dute Donostian, bankuaren egoitzaren atarian, Mikel Cabiecesi eginiko ordainketen harira izan diren "jarduera irregularrak" salatzeko. Cabiecesen auziak agerian uzten du bankuaren kontrol publikoaren beharra, EH Bilduren ustez.

Kutxabankek Donostian duen egoitzaren aurrean egin dute protesta. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
2015eko otsailaren 9a
07:34
Entzun

Ostiralean deklaratu zuen Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohiak fiskalaren aurrean, Mikel Cabieces PSE-EEko kide ohari eginiko ordainketa batzuen harira. Fernandezek deklaratu zuen PPko goi arduradun batek —Antonio Basagoitik, Iñaki Anasagastiren arabera— 2012ko hasieran egindako dei batek eragin zuela Kutxabankek Cabiecesi "lan irteera bat" ematea.

Bankuan izandako ustezko irregulartasunak salatzeko, elkarretaratzea egin dute Donostian. Bertan, EH Bilduko kide Ainhoa Beolak nabarmendu du gertatutakoak agerian uzten duela bankuak kontrol publikoa izateko dagoen beharra. Kontrol publiko hori izan balitz "irregulartasun horien informazio zuzenagoa" izango lukete orain, Beolaren esanetan, eta EAJ, PSE-EE eta PP egin ditu egoeraren erantzule, kanpo ikuskaritzak egitearen kontra bozkatzeagatik.

Gaiaz ikerketa batzorde bat osatzeko eskatu du, eta Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiei galdegin die babes dezatela eskari hori: "Auzi honen eraginez, zalantzak sortzen dira milaka lagunen dirua modu ez oso etikoan eta EAJ, PSE eta PPren interes pertsonal eta politikoetarako erabiltzen ari direla". Horrez gain, salatu du irregulartasun horiek "gizarte lanerako finantzaketarik ez dagoela dioten unean" gertatu direla.

PPko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako presidente Arantza Quirogak, berriz, uste du "burla" dela PSE-EEk eta EAJk PP egitea Cabiecesekin gertatutakoaren erantzule. Quirogak argudiatu du EAJk ezin duela esan Kutxabank ez zuela kontrolatzen, eta Mario Fernandezek emandako azalpenak kritikatu ditu, esanez ETAren kontra "asko" eman duten pertsona "ilara luzeak" izan litzakeela bulegoan, baina horiei ez zaizkiela "hilean 6.000 euro ordaindu".

Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak ere hitz egin du auziaz, eta adierazi du PPk babestu egingo duela Eusko Legebiltzarrean ikerketa batzorde bat osatzeko eskaera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.