LANEKO SEGURTASUNA

Ikuskaritza propioa datorren urte hasieran izan nahi du Jaurlaritzak

Administrazioen eta kooperatiben ia 3.000 lantoki ikuskatuko ditu; aurrekontu proiektuan dirua izango du

Ivan Santamaria.
GASTEIZ
2005eko urriaren 25a
00:00
Entzun
Ikuskaritza propioa izateko prozesua datorren urteko hasieran abiatu nahi du Eusko Jaurlaritzak. Neurria 2003-2006 Laneko Segurtasun eta Osasunaren Plan Zuzentzailean aurreikusirik zegoen, baina ez da orain arte garatu. Administrazioaren, kooperatiben eta harrobi eta meatzeen ardura izango luke.

Joseba Azkarraga Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua eta ELA, CCOO, LAB eta UGTko ordezkariak Eusko Legebiltzarrean izan ziren, atzo, laneko segurtasunaren egoeraren inguruko iritzia plazaratzeko, Ezker Abertzalea taldeak eskatuta. Azkarragak 2003-2006 planak zekartzan eta egin gabe dauden hainbat ekintza gauzatzeko asmoa aurreratu zuen.Laneko Segurtasun eta Osasunaren Plan Zuzentzailearen arabera, 3.000 lantokiren ardura izango luke ikuskaritza berriak, eta hasteko hamar langile izango lituzke. Datorren urterako EAEko aurrekontu proiektuan diru kopuru bat aurreikusi da horretarako. Hortaz, kontu publikoak aurrera ateratzea ezinbestekoa izango da tresna martxan jartzeko. Eskumen mugatuak dituen arren, etorkizunean ikuskaritzaren eskuduntza osoa bere gain har dezakeen egituraren lehen urratsa izan liteke. Gaur egun, Espainiako Lan Ministerioaren esku daude.Era berean, lan arriskuen prebentzioan arau-hauste larriak egiten dituzten enpresen errolda sortzeko dekretua ere garatzen hasi direla jakinarazi zuen Azkarragak. Lan Sailaren helburua zigorturiko enpresa horiek administrazioarekin kontratuak ezin lortzea da.

Eraikuntzan eta Industrian, kanpaina bereziak

Sindikatu guztiak kritikoak izan ziren laneko istripuen egoeraren inguruan, eta eraginkortasun falta egotzi zioten Jaurlaritzaren tresna nagusiari, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Plan Zuzentzaileari.

Lan sailburuak, aldiz, kritikak itzuli zizkien. «Sindikatuek eta enpresaburuek akordioak sinatzeko duten ezintasuna sailaren lepora zuritu nahi izateaz nekaturik nago», ohartarazi zien. Aurten istripuak, batez ere heriotzak, asko igo direla onartu zuen, eta urtea amaitu aitzin eraikuntzan eta industrian esku-hartuko dutela jakinarazi zuen.Eraikuntzako kanpaina urteko azken hiru hilabeteetan egingo da. Altuerako eroriko posibleak, lubakiko lanak eta obran ari diren kontrata ezberdinen arteko koordinazioa bertatik bertara ikuskatuko dituzte Osalaneko ordezkariek. Izaera eragilea izango du kanpainak, eta betebeharrak betetzen ez dituztenak «zorrotz» zigortuko dituztela ziurtatu zuen Azkarragak. Industriari dagokionez, metalurgia, makineria, eta produktu metalikoak ekoizten ari diren konpainiak kontrolatuko dituzte. Hain zuzen ere, 11 eta 20 langile bitartean edo 50 baino gehiago dituzten 1.214 lantokiren egoera aztertuko dute, hamar ezbeharretik sei horietan gertatu direlako, departamentuaren datuan arabera.Sailburuaren irudiko, gezurra da laneko istripuen aurrean bere sailak ez duela esku-hartzen, eta ez dituela arau-hausteak zigortzen. Ildo horretan, Lan Ikuskaritzak aurkeztu dizkien hamar zigor eskaeretatik bederatzi baino gehiago onartu dituztela nabarmendu zuen. Bide batez, ikuskaritzaren eskumena eskualdatzea ezbeharren aurkako borrokan oso mesedegarritzat jo zuen. Ikuskaritzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi duen egoera salatu zuen, 53 ikuskatzaile baino ez daudelako.Oposizioak, aldiz, ez zituen Azkarragaren azalpenak ontzat eman. PSE-EEko Jesus Lozak planak ez duela balio aurpegiratu zion, eta PPko Fernando Maurak, are urrunago, bertan beherautzi eta beste bat egiteko exijitu zion. Ezker Abertzaletik, berriz, Administrazioak istripu kopurua murrizteko behar beste egiten ez duela adierazi zuen Nekane Erauskinek.

 

Sindikatuen agerraldiak





EUSTAKIO URANGA (ELA)

«Osalan tresna burokratizatua da, ez du presentzia enpresetan»





«Osalan tresna burokratizatua bihurtu da. Langileak ez dira aski duten lanari erantzuteko, eta ez dute benetako presentziarik enpresetan. Mugitzen gara behin istripua gertatzen denean, ez prebentzioan. Bestalde, zigorgabetasun handia dago praktikan. Legeak betearazi behar dira. Arauak onak dira, eta ez dira betetzen, baina betetzen ez direnean ere, ez da ezer gertatzen».

JESUS UZKUDUN(CCOO)

«Istripuen aurkako planetan jarrera pasiboa ikusten dugu»





«1997tik Osalanen egin den edozein negoziazio saiakerak porrot egin du. Istripuen aurkako planetan jarrera pasiboa ikusten dugu, borondaterik eza. Ikuskaritza eskuetan izateak lagunduko luke, baina hemengo administrazioak ere eredu izan beharko litzateke. Sindikatuen eta Confebasken parte-hartzerik gabe, edo Osalanen baliabideak handitu gabe, edozein egitasmo bluff mediatikoa izango da».

GARBIÑE ARANBURU (LAB)

«Legea onartu zenetik hamar urte dira, eta egoera onartezina da»





«Iritzi txarra ez da aurtengo egoerara mugatu behar. Hamar urte dira Lan Arriskuen Prebentziorako Legea onartu zenetik, eta, gorabeherak gorabehera, istripuen tasak onartezina izaten segitzen du. Egiturazko arazoa da; kasu askotan legearen alde formala soilik betetzen da, eta borondate politikoa behar da. Administrazioak ez du bere esku dagoen guztia egiten horri aurre egiteko».

PILAR COLLANTES (UGT)

«Plana erreformatu beharra dago, alde bakarreko neurririk gabe»





«Laneko Segurtasun eta Osasunaren Plan Zuzentzaileak ez ditu izan behar zituen emaitzak; erreformatu eta irtenbide zehatzak bilatu behar dira, enpresaburuekin eta sindikatuekin adosturik. Lan Sailak ezin du alde bakarreko neurririk hartu. Administrazioak eraginkortasun gutxi du, batzuetan ikusle soila dirudi. Elkarrizketa soziala, istripuen inguruan, hutsaren hurrena izan da orain arte».

Datua





%92,2

Laneko segurtasunari dagokion araudia ez betetzeagatik Lan Ikuskaritzak 3.312 zigor eskaera egin ditu 2003ko urtarriletik aurtengo urriaren 20a arte. Eskaera horietatik guztietatik %92,2 onartu zituen Lan Agintaritzak, Jaurlaritzaren esku dagoen organoak. Zigortutako enpresek 1.106 helegite aurkeztu zituzten, baina %96,12 atzera bota zituen agintaritzak.

LAN ISTRIPUA



 

Autobideetako langile bat hil da Martzillan





Kamioi batek F.N.G. 45 urteko langilea harrapatu eta hil zuen atzo arratsaldean AP15 autobidean, Martzilla inguruan (Nafarroa). Langileak kolpe handia hartu zuen eta Azkoiengo anbulantzia iritsi zenerako hilda zegoen. Audenasa autobidearen kudeatzaileak azpikontratatutako Durangoko enpresa batentzat egiten zuen lanF.N.G.k, eta Zornotzakoa zen (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.