Inamak langile guztiak kaleratzeko erregulazio eskaera aurkeztu du

Eusko Jaurlaritzak du azken hitza; erregulazioa onartzen badu, 160 langile geratuko dira kalean

Inama taldeak Muxikan duen lantegia. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
2012ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Inamako zuzendaritzak Muxikako (Bizkaia) lantegia ixteko beste urrats bat egin du. Langile guztiak kaleratzeko erregulazio eskaera aurkeztu du. Orain Eusko Jaurlaritzak du hitza. Erregulazioa indarrean jartzeko baimena ematera, 160 langile geratuko dira kalean. Zurgintza enpresa ixteak zeharkako beste 600 bat lanpostu jarriko lituzke kolokan.

Albistea txarra da Inamako langileentzat. Baina ezin esan ustekabean harrapatu dituenik. Azken bi urteotan hamaika mobilizazio eta agerraldi egin dituzte egoeraren larritasunaz ohartarazteko, eta administrazioei ere behin baino gehiagotan eskatu diete laguntza. Bazekiten zuzendaritzak bere aldetik ez zuela Muxikako lantegia berpizteko ezer egingo. Eta halaxe izan da. Erregulazio eskaera aurkeztuta, itxieraren ateetan jarri du fabrika.

Inamaren gainbehera aspaldi hasi zen, duela bi urte baino gehiago. Ingurumen betebeharrak aintzat hartzen ez zituela eta, 2010ean ez zuen lortu Ingurumen Baimen Bateratua deritzona berritzerik, ezinbesteko baimena enpresa ororentzat. Hori horrela, jarduteko baimena kentzeko prozedura abiatu zuen Muxikako Udalak, eta gauza bera egin zuen Eusko Jaurlaritzak ere.

Opor fiskalen zama

Baina jarduteko baimenik gabe ere, lanean lasai jarraitu zuen, iragan azarora arte. Eta gezurra dirudien arren, azkenean ez zen baimen horren falta izan ekoizpena geldiaraztera behartu zuena, opor fiskalen auzia baizik.

Europako Justizia Auzitegiak ebatzitakoaren ildotik, Bizkaiko Foru Aldundiak 1990eko urteetan jasotako zerga laguntzak itzultzeko eskatu zien herrialdeko enpresei iaz. Guztiek itzuli zituzten, Muxikako lantegiak izan ezik. Ondorioz, zor dituen 7,5 milioi euroak ordaindu artean, aldez aurreko neurri modura bahitzea ezartzea erabaki zuen diputazioak. Erabakiaren berri izan orduko, egur ekoizpena geldiaraztea erabaki zuten lantegiaren arduradunek.

Orduz geroztik, energia elektrikoa kogeneratzeko lanetan bakarrik aritu dira 160 langileak. Horretan, eta makinak desmuntatzen, prentsaren aurrean egindako agerraldi batean ziurtatu zuten moduan. Muxikako lantegiko zenbait pieza kanpora zeramatzatela jakinarazi zuten, taldeak Teruelen (Espainia) duen lantegira, hain zuzen, eta ez zekitela hori legezkoa zen, kontuan izanda Bizkaiko Foru Aldundiak ondasun guztiak bahitu zizkiola.

Jarduera baimena berreskuratzeko administrazioek eskatzen dizkioten baldintzak betetzeko eta diputazioari zor diona itzultzeko modurik ez daukala esan izan du beti enpresak. Eta irtenbide bakarra ikusten zuela: ixtea. Iragan urtea bukatzerako ixtea zen haren asmoa, baina, itxura denez, gauza atzeratu egin zaio.

Dagoeneko, baina, egin du berari zegokiona: langile guztiak kaleratzeko erregulazio eskaera aurkeztea. Orain, beraz, administrazioak du hitza. Langileek gaur goizean agerraldia egingo dute Bilbon, zein egoeratan dauden azaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.