Inasa Foilek astebete atzeratu du soldatak %35 murrizteko dosierra

Negoziatzeko aukera gutxi ikusten dute langileek, legeak nahi duena egiten uzten diolako enpresari

Miren Garate.
2012ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Luzatuz doa lan erreformaz baliatuta lan baldintzak aldatu dituzten enpresen kopurua. Hala egin nahi du Irurtzungo Inasa Foilek ere (Nafarroa). Soldatak herena baino gehiago jaitsiko dizkiela jakinarazi die langileei, %35 hain zuzen. Atzo zuen aurkeztekoa espedientea, baina astebete atzeratzea erabaki du, langile batzordearekin negoziatzeko. Langileek ere mugagabeko grebari ekin behar zioten atzo, baina haiek ere atzeratu egin dute. Apirilaren 17a izango da akordioa erdiesteko azken eguna.

Inasa Foilen 180 lagun aritzen dira, eta aluminioa egiten dute. Langile batzordeko ordezkariek agerraldia egin zuten atzo, Iruñean. Etsipen apur bat nabari zitzaien. «Enpresak dio guztiari buruz hitz egiteko prest dagoela. Alabaina, norbaitek negoziatu egin nahi duenean eta legeak negoziatu nahi duen hori baimentzen dionean, egia da ez duela ahalegin berezirik egingo», esan du Pedro Unanua CCOOko ordezkari eta langile batzordeko idazkariak. Espedientea aurkezteko eguna atzeratu izana «positiboa» dela dio. Halere, ez du zalantzarik. «Gu saiatuko gara, baina akordiorik ez badugu lortzen, eraman behar duen lekura eraman eta aurrera ateratzea lortuko du, eta guk ere gure neurriak hartu beharko ditugu».

Antzera mintzatu da LABeko Fernando Carrion ere. «Enpresak egin duen mugimendu bakarra eguna aldatzea izan da, baina jarraitzen du espedientea modurik gordinenean planteatzen». Ez du mugimendu handirik espero enpresaren aldetik. «Ikusiko dugu zein bide hartzen dugun, baina nik uste dut mobilizazioen aukera bakarrik geratzen zaigula».

Enpresa, Bavieraren esku

Antonio Ruiz langile batzordeko presidenteorde eta CCOOko kideak azaldu du zein den egoera. Gaur egun, Alemaniako arrisku kapital talde baten esku dago Inasa Foil, Bavieraren esku hain zuzen. «Zailtasunak dituzten enpresak erosten ditu hark, eraldatzeko edo ixteko». Zuzendari berriak kontratatu zituen behin-behinean, eta iazko otsailean hasi ziren lanean. Ekainean, 26 langilek aurretiazko erretiroa hartu behar izan zuten, eta soldatak %8 murriztu zituen. «Neurri horiek enpresaren bideragarritasunarentzat salbamena izango zirela esan ziguten».

Gutxi iraun zuen, ordea, lasaitasunak. Ekaineko akordioak ez zuela ezertarako balio esan zuen enpresak azaroan. «Soldata batzuk ordaintzeari utzi zion, hiru aldiz aldatu zigun egutegia, eta lan erreforma berriak ematen dion aukerarekin, %35eko beste soldata jaitsiera bat planteatu digu orain».

Alfonso Torres langile batzordeko Solidariko ordezkariaren arabera, ez daude ados Bavariren lanarekin. «Langileok ez gaude prest arrisku kapitaleko enpresa bat etorri eta irabaziak egitearekin enpresaren jarduerarekin zerikusirik ez duen zerbaitekin». Esfortzua egitea onartuko luketela adierazi du. «Etorkizunerako plan bat badago, inbertsio plan batekin, aldeko apustua egingo dugu, baina, gaur-gaurkoz, ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.