ekonomia

Inasako langileei oldartu zaie Guardia Zibila

07:30ean Inasa hustera joan da Guardia Zibila, hiru kamioirekin. Bertako langileek Sakanako jendea deitu dute enpresa hustea oztopatzeko, eta langile batzuek eserialdia egin dute enpresa barnean. LAB sindikatuko Nafarroako bozeramaile Igor Arroiok 19:00etako manifestaziora joateko deia egin du: “Hil ala biziko momentu batean gaude”.

2013ko abuztuaren 14a
16:53
Entzun

Goizean goiz Inasara joan dira Guardia Zibilaren bost patrol eta hiru kamioi, fabrika hustu eta makinak eramateko. Langile harresia egiteko deia egin ostean, langile batzuek enpresara sartu eta eserialdia egin dute, eta bi pertsona atxilotu dituzte. Polizia oldartu egin zaiela jakinarazi du Arantza Ibargoienek, LAB sindikatuko metal arduradunak: "Momentu nahiko larriak bizi izan dira".

Hainbat pertsona "kolpatuta eta nahiko larri" daudela gaineratu du Ibargoienek, eta Guardia Zibilaren jarrera salatu du: "Erizain bat zegoen Inasa kanpoan, eta ez diote sartzen utzi". Hainbat lagun identifikatu dituztela ere jakinarazi du. Sare sozialetan esan dutenez, grabatzea eta argazkiak ateratzea ere debekatu du Guardia Zibilak, “isuna jartzeko mehatxupean”.

Langileek helegite bat jarri zuten atzo makineria eramatea eragozteko, enpresa errentagarria delako: "Epailearen erantzunaren zain gaude", dio Ibargoienek. Igor Arroio LAB sindikatuko Nafarroako bozeramaileak Infozazpi irratiari emandako elkarrizketa batean adierazi du enpresako langileek “eztabaida politiko eta legala” jarri dutela mahai gainean: “Kapitalismoaren nahia langileen beharrei gailentzen ari da. Ez da bakarrik eztabaida legal bat”.

Langileek prentsaurrekoa eskaini dute, eta Nafarroako Gobernuari mintzatu zaizkio bereziki: "Lanpostuak defenda ditzala interes partikularrak defendatu beharrean". Arroiok ere "inplikatzeko" eskatu dio, eta Ibargoienek esaten duena egiteko exijitu dio: “UPNk hitzez baietz esaten digu, baina gero ez du ezer egiten. Lanpostuak mantendu nahi baditu egin dezala behingoz zerbait". Langileek gaineratu dute, orain arte bezala, Inasa hustea saihesten saiatuko direla: "Gure esku dagoen guztia egingo dugu. Gelditu dezakegula uste dugu, eta bukaerara arte hemen egongo gara".

Horregatik, langile harresia osatzeko deia egin dute. “115 lanpostu daude jokoan. Etorri Irurtzunera”, eskatu du Ibargoienek. Arroiok 19:00etako manifestaziora joateko dei berezia egin du: “Gaur edo bihar erabakiko da langileen etorkizuna”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.