Oraingoz ez dituzte Inasa lantegiko makinak eramanen. Hala jakinarazi du Lourdes Goikoetxea Industria kontseilariak. Esan duenez, merkataritza alorreko epaileak geldiarazi egin du makinen salmenta, lantegia martxan jar dezakeen inbertsore bat egon daitekeelakoan. Dena den, Inasa lantegi pribatua denez gobernuaren ahalmena "oso murritza" dela azaldu du kontseilariak.
Makinen salmenta gelditzea "aurrerapausoa" dela esan du Goikoetxeak, baina merkataritza alorreko epaileak Inasan abiatutako konkurtso prozesuan eragiteko duen ahalmena "murritza" dela gogorarazi du, eta, beraz, ez duela "aurreikuspen faltsurik" sortu nahi. Kontseilariak goraipatu egin du Nafarroako Gobernuak Sakanan egindako lana, eta kritikak baztertu. Oposizioa kontent azaldu da erabakiarekin, baina "erabateko inplikazioa" galdegin dio gobernuari.