Mahatma Gandhi oker zegoen. «Indiaren eta Afrikaren arteko merkataritza ideiena eta zerbitzuena izango da, eta ez, Mendebaldeko esplotatzaileek egiten duten bezala, lehengaien kalterako manufakturatutako ondasunena». Ekintzaile indiar hark XIX. mende amaieran egin zuen iragarpena. Ez zuen asmatu. Hain zuzen ere, Hego Afrikan bizi izan zen Gandhi 1893tik 1915era, Indiako konpainia batentzat lanean, eta han zorroztu zituen indarkeriarik bako erresistentzia zibilerako teknikak. Baina, historiaren paradoxak, Gandhi baino finago aritu zen George Curzon Indiako erregeorde britainiarra 1898an, orduko errealitatea eta gaurkoa deskribatu zituenean: «Estatuak piezak baino ez dira munduaren menderatzea jokatzen den xake taularen gainean». Gaur egun, ekonomikoki, asko ari da jokatzen Afrikan, eta kontinente beltzeko xake taulan Asiako bi erraldoiak, Txina eta India, jokalari nagusietakoak bihurtu dira.
Azken urteetan gehiago oldartu bada ere, sabanan aspaldi hasi zen herensugearen eta tigrearen arteko lehia. Afrikako Garapenerako Bankuko aholkulari Zenia Lewisek ahoan legarrik barik eman du bere ikuspegia: «Brasilek, Errusiak, Txinak eta Indiak [BRIC herrialdeek] literalki inbaditu dute Afrikar kontinentea. Ez dute armekin inbaditu, diruarekin baizik. Diruarekin, ondasunekin, ideiekin eta meatze zulagailuekin».
Txinak eta Indiak Afrikarekin duten merkataritza bolumenak gorakada izugarria izan du azken hamarkada eta erdian —ikusi ondoko orriko grafikoa—. Urtean 200.000 milioi dolar (147.148 milioi euro) mugitzen ditu Pekinen eta hegoaldeko kontinentearen arteko merkataritzak. India eta Afrikaren arteko merkataritza bolumena 5.000 milioi dolarretik 70.000 milioira igo da hamar urtean (3.677 milioi eurotik 51.511ra), eta 2015ean 100.000 milioi dolarrera (73.588 milioi eurotara) iristea espero du Anand Sharma Indiako Merkataritza ministroak. Pekinek kontinentean izan duen presentziaren gorakada izugarriaz jabetzeko, komeni da gogoratzea 1999ra arte Indiak Afrikarekin zuen merkataritza bolumena Txinarenaren gainetik zegoela.
Zuzeneko inbertsioek ere gora egin dute, mundu guztian txikitu diren garaian. UNCTAD Nazio Batuetako Merkataritza eta Garapenerako Erakundearen azken txostenaren arabera, iaz %18 jaitsi ziren zuzeneko inbertsioak munduan; Afrikan, aldiz, %5 igo ziren. Oraindik, kontinentean metatutako zuzeneko inbertsioen %90 batez ere EBtik eta AEBetatik iritsitakoa da.
Hala ere, Pekinek indar handiz zabaldu du inbertsioen iturria: 2009tik 2012ra bitartean, Txinak Afrikan egindako zuzeneko inbertsio kopurua urtero %20,5 hazi da. Txinako Gobernuak emandako azken datuen arabera, 2.000 konpainia txinatarrek Afrikako 50etik gora eskualdetan egin dituzte inbertsioak.
Altxorraren bila
UNCTADen arabera, oraindik agerikoa da Afrikara iristen diren inbertsioen zatirik handiena baliabide naturalen ustiapenera bideratzen dela. Nolanahi ere, erakundeak nabarmendu du kontsumitzaileengana bideratutako inbertsioak ere, fabrikaziora eta zerbitzuetara bideratutakoak, gora egiten ari direla: 2008an, zuzeneko inbertsioen %7 baino ez ziren; iaz, berriz, %23. Zerk eragin duen gorakada? «Kontinentean hazten ari den klase ertainaren erosteko ahalmenaren gorakadak», azaldu dute txostenean. Ekonomista eta inbertsio aditu askok gauza bera azpimarratzen dute: kontinenteak 1.000 milioi biztanle baditu, horietatik 300 milioik osatzen dutela egun klase ertaina —AEBek, adibidez, 316 milioi biztanle dituzte— eta egunetik egunera ari dela puzten zenbaki hori.
Baina klase ertain afrikarraren erosteko ahalmenaren potentzialak baino gehiago, bestelako arrazoiek erakarri dute Txina eta India kontinentera. Mendebaldeko kolonialista ohiak erakartzen dituen arrazoi berberak dira finean. Asiako bi erraldoiak goraldian duten ekonomia elikatzeko erregai bila joan dira. Pekingo ekonomia %7,5 ari da hazten, eta New Delhikoa, azkenaldian galga jarri badio ere, %4,4.
Zeintzuk dira Afrikak gordetzen dituen altxorrak? Hasteko, munduko petrolio erreserben %10 inguru biltzen ditu kontinenteak, eta horietako %85 Nigeria, Libia, Aljeria, Egipto eta Angolan daude. Txina eta Indiaren arteko lehian Pekin nagusitu da estatu horietako ustiatze negozioetan. Gas natural erreserbatan ere aberatsa da kontinentea, eta Hegoafrikan, Mozambiken eta Tanzanian gas hobiak badaude ere, erreserben %91 mediterraneo inguruan daude. Hor ere, Txinak hartu dio aurre Indiari. Bestetik, mineralen meatoki handi bat da Afrika: munduko aluminio produkzioaren %5 dauka, kobrearen %8, urrearen %12, uranioaren %4 eta ikatzaren %17, besteak beste. Sekulako pagotxa, batez ere Txinarentzat.
Estrategia ezberdinak
Bi herrialdeek Afrikan dituzten inbertsio eta interesen zati handienak baliabide naturalekin lotuta badaude ere, ITC Nazioarteko Merkataritza Zentroak —NBEren menpeko erakundea da— baieztatu du Txina eta Indiako multinazionalak hasiak direla inbertsioak eta arriskuak dibertsifikatzen Afrikan. Petrolioaren eta mineralen sektorean sendo jarraitu arren, telekomunikazioen, finantza zerbitzuen, azpiegituren, turismoaren eta jakien prozesatze sektoreetan ere sartzen ari dira.
Dibertsifikazioari dagokionez, Txina azpiegitura handien proiektuetan sartu da buru-belarri: portuak, trenbideak zein kirol estadioak eraikitzen ari da hainbat estatutan. Indiako konpainiak, aldiz, telekomunikazio sektorean, hezkuntzan, nekazaritzan eta autogintzan zentratzen ari dira.
Nolanahi ere, negozioak egiteko eta nagusitzeko bide eta estrategia ezberdinak hartu dituzte, eta ITC Nazioarteko Merkataritza Zentroak biak aztertu ditu. Motzean esanda, Txinak Afrikan dituen negozioen zatirik handiena estatuaren menpeko konpainia ertain edo handiek egina da; Indiak Afrikan dituen enpresa gehienak, berriz, tamaina txikiagokoak dira, eta pribatuak edo erdi publikoak. Maparen gainean jarrita, esan daiteke Txina kontinentearen iparraldean, mendebaldean eta erdialdean nagusitu dela, eta India lekua irabazten ari dela bereziki ekialdean eta hegoaldean.
ITCren txostenak nabarmendu duenez, bai batak bai besteak Afrikan hartutako arriskuak ere ezberdinak dira. «Konpainia txinatarrek merkatu berrietan sartzeko joera dute, azpiegitura guztiak eraikiz, eta baliabide ugari Txinatik eramaten dituzte. Gainera, gutxitan sustatzen du bere kudeatzaile eta langileak Afrikako ehun sozioekonomikoan integratzea. Kontinentean egiten dituen salmenta gehienak, bestalde, gobernu erakundeekin egiten ditu».
Oso bestelakoa da Indiaren estrategia, ITCren esanetan. «Indiako enpresak jada martxan dauden negozioak bereganatuz sartzen da gehienetan merkatu berrietara, baliabide gutxiago eramaten ditu Indiatik, eta Afrikan salmenta gehiago egiten dizkie erakunde pribatuei publikoei baino».
Bi aldeko interesa?
Eta zer diote afrikarrek honetaz guztiaz? Agintariak pozik daude, eta diru gehiago eskatzen dute. Urrian bertan, Nkosazana Dlamini-Zuma Afrikako Batasuneko presidenteak inbertsio gehiago egiteko eskatu zion Indiari. «Inbertsio horiek dibertsifikatu egin beharko lirateke, eta tokiko sektore pribatuaren parte hartzea sustatu, batez ere emakumeen eta Afrikan handitzen ari den gazteriaren enplegua bultzatuz». Dlamini-Zumaren esanetan, Indiako inbertsioek kontinentearen «industrializazioa hauspotzen dute, baita balio erantsidun produktuen ekoizpena ere».
Lehiakidea, Txina, erraldoia da, baina India ez dago kikiltzeko. Pekingo multinazionalek Afrika mendebaldeko mineralak ustiatzeko borrokan enpresa indiarrak jokoz kanpo laga arren, ekialdera begira jarri da New Delhi. Txinako CNPC eta Sinopec konpainiek kontratu handiak sinatu dituzte, esaterako, Angolan eta Ghanan, baina Indiako ONGC petrolio eta gas konpainia eta Oil India enpresa publikoak zein RIL Holding pribatua eta Cairn petrolio eta gas konpainia pribatuak Mozambikeko eta Tanzaniako gas natural eta ikatz erreserbak nola ustiatu aztertzen ari dira.
ONGCk, dagoeneko, Mozambikeko itsaspeko gas erreserba baten %10 erosi zuen joan den abuztuan, 1.911 milioi euroren truke. Eta beste hainbat sektoretan ere presentzia handia dute Indiako konpainiek, bereziki ekialde eta hegoaldean. Etiopian, adibidez, enpresa indiarrek 735 milioi euro inbertitu dituzte nekazaritza sektorean. Airtel telekomunikazio multinazional indiarrak Afrikako hamazazpi herrialdetan funtzionatzen duen sakelako telefonoen sarea erosi zuen 2010ean, 1.837 milioi euroren truke. Adibide batzuk baino ez dira, baina Indiak Afrikan egindako apustu handiaren neurria ematen dute.