CELek langileek jakin dutenez, enpresa erostea aztertzen ariko litzatekeen inbertsiogile batek bilera egin du konkurtso administratzailearekin, eta astelehenean bisitaldia ere egin zuen lantegietara. Asier Prado langile batzordeko presidenteak gaur azaldutakoaren arabera, administratzaileak jakinarazi die albistea, posta elektroniko bidez. Ez die argitu nor den inbertsiogile hori, "soilik interesa agertu duela lantegiak bisitatzerakoan".
Pradok esan du albistea "seinale ona" dela kalean gelditzeko arrisku bizian dauden CELeko langileentzat, eta itxaropena ematen diela enpresaren etorkizunaren inguruan. "Zenbat eta inbertsiogile gehiagok agertu interesa lantegietan, hobe. Argi dago taldea bideragarria dela; beste aukera 300 familia langabezian uztea da".
Orain arte, Kataluniako talde batek eta Txileko beste batek agertu dute interesa papergintza enpresaren inguruan. Langileen ordezkarien arabera, behin oporraldia amaituta, irailean, espero dute berriz ekitea Txileko taldearekiko hartue-manei.
Kanpoko inbertsiogile bat dute aukera bakarra papergintza konpainiako langileek. CELeko zuzendaritzak uztail bukaeran aurkeztutako erregulazio dosierrak CELen lau lantegietatik hiru ixtea aurreikusten du, Gueñes eta Zallakoak (Bizkaia) eta Artziniegako (Araba) beste bat. Hogei langile dituen Artziniegako Dermo Products Development soilik geldituko litzateke zabalik. Dosierrarekin, orotara, 230 langileren kontratuak hautsiko lirateke. Prozesu hori, oraindik, geldirik dago, erregulazio dosierra aztertu behar duen epailea oporretan dagoelako.
Langileek ez dute dosierraren inguruko erabakirik espero irailera arte. Bitartean, "animo gutxirekin egon arren", euren lanpostuen alde mobilizazioak egiten jarraitzen dute. Gaur goizean, Bizkaiko Aldundiaren atarian, elkarretaratzea egin dute, aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari erregulazioaren kontrako jarrera eskatzeko. Larunbatean, Aste Nagusiaren hasieran, Areatzan izango dira, pankartekin eta kartelekin.