Inbidiak jota

2010eko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Biharamunik gabe, biharamunean ere parrandan jarraitu zuten txuri-urdinek, ondo kostatakoa izan delako lehen mailarako txartela. Inbidiak jota edo, gipuzkoarren ospakizunetara batu zen Bilboko Burtsa ere, aparra baino harroago hasi baitzuen astea. Ez, ordea, Ibex-35 indizeak (+%0,23). Astelehen epela izan zuen atzokoa, Donostiako emozioetatik urrun. Baina, egunean zehar izandako gorabeherak ikusita, baleko itxiera izan zuen, askorik irabazi ez arren, galerarik behintzat ez zuelako pilatu. Madrilgo indizeak lehen maila aspaldi utzi zuen atzean, 12.000 puntuak gainditu eta ligairabaztekotan ibiltzetik, ia kolpe batean 8.000 puntura amildu zenean. Bigarren mailan, eta ozta-ozta gainera. 9.600 puntuak gainditzea lortu zuen atzo; haiei eusteko gai izango ote den, hori da galdera. Oso sentibera baitabil, erasorik txikienari aurre egin ezinik, tristurak hartuta. Aldiz, poza etzaio modu berean itsasten. Atzo aukera ezinhobea izan zuen Europako gainerako indizeen eta Realaren bolada bere mesedetan baliatzeko. Baina, denen atzetik, arrastaka bukatu zuen eguna. Txuri-urdinekin gora baino, txuri-beltzekin behera joateko itxura handiago du. Eta, okerrena, Irungoei ez bezala, oraindik denboraldi erdia geratzen zaiola aurretik.



Kontseilariak. Indizearen ezkortasunetik urrun, inoiz baino gusturago dabiltzanak Ibex-35eko enpresetako kontseilariak dira. Goraizeak bazter guztietara iritsi dira, haien soldatetara izan ezik, 2008an baino %15,5 gehiago irabazi zuten iaz. Eskerrak finantzak krisian diren!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.