Lan gatazkak

Incoesako langileak itxialdian daude Bediako udaletxean

284 egun egin dituzte greban Bediako lantegiko jarduerak aurrera egin dezan, eta erakundeen esku hartzea eragin nahi dute itxialdiaren bidez.

2013ko irailean Incoesa desjabetu zuteneko irudia. JUAN KRUZ IURREBASO
xabier martin
2014ko martxoaren 6a
16:13
Entzun

Bediako Incoesa enpresako langileak herriko udaletxean sartu dira gaur goizean, bertan itxialdi bati hasiera emateko asmoarekin. Greba mugagabean dira aspaldian beharginak; 284 egun bete dituzte jadanik lanuztean euren lantegia itxi ez dadin. Alabaina, behargin guztiak kaleratzeko dosierra jarri du mahai gainean zuzendaritzak, eta haren kontsulta epea amaitu da. 

Euren muturreko egoera salatzeko, eta batez ere euskal erakundeek euren auzian parte har dezatela eskatzeko, Bediako udaletxera sartu dira Incoesakoak goizean. Jaurlaritza enpresaren itxiera bultzatzen ari den susmoa daukate beharginek. «Jaurlaritzak egin berri duen txosten batean zioen behar adina arrazoi badaudela enpresak ixteko, langileak Soria edo Extremadurara bidaltzeko, edo batzuk kaleratzeko». Horregatik, Incoesako langileek Jaurlaritzaren jarduna «arduragabea» dela salatu zuten iazko urte amaieran.

Ez dute esan noiz arte egon nahi duten eraikin publikoan, baina Arratiako plantaren itxiera geratzen ez den arte egon daitezke han. Kontua da epaitegiaren jakinarazpen ofizialaren zain daudela kaleratzeak eta enpresaren itxiera baieztatzeko. Enpresak asmo horiek dituela esan zion langile batzordeari konkurtsoaren administratzaileak. Urtarrilean epaitegi batek baliogabetu egin zuen hainbat langile Soriara eta Extremadurara lekualdatzeko erabakia.

Urriko giza harresia

Joan den urteko maiatzean azaldu zuen enpresak Soria eta Extremadurara joateko asmoa. Urrian planta hustu zuten, langileen ordezkariek Bizkaiko Batzar Nagusietan hitzordua zuten egun berean; langileek egindako giza harresiaren aurrean makinak eraman zituzten Ertzaintzaren babesarekin. Tentsio une handiak egon ziren, eta hainbat langile inputatu egin zituzten. Gero, epaileak lekualdatze guztiak baliogabetu zituen. LABen ustez, «erabaki horrek argi utzi du posible eta beharrezko dela enpresaren ekoizpena Bediako plantan mantentzea». Aldarrikapen horrekin hamar hilabetez dihardute borrokan Incoesako 53 beharginek, eta aurrerantzean ere bide horretan jarraituko dutela dirudi. 

Bestalde, Incoesari laguntzatan emandako 150.000 euroak itzul diezazkiola exijitu zion urtarrilean Bizkaiko Foru Aldundiak. Bizkaiko Diputazioaren gobernu kontseiluak Incoesa-Trafos eta Incoesa-Trafodisen sozietateen lekualdatzea onartu zuen batetik, eta erabaki horiek diputazioak iraganean emandako laguntzekin bateraezinak direla berresi zuen bestetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.