Ekonomia

Incoesaren Bediako lantegia itxiko du zuzendaritzak

Bizkaiko enplegua Extermadurara lekualdatu nahi du, eta langileek greba mugagabea iragarri dute

Berria.info
2013ko maiatzaren 21a
20:05
Entzun

Incoesa konpainiako zuzendaritzak Bediako lantegia itxiko duela adierazi die langileei. Guztira, zuzeneko eta zeharkako 50etik gora langile daude kale gorrian geratzeko arriskuan. Zuzendaritzak lekualdatze kolektiboa ezarri die langileei: gehienak konpainiak Extremaduran duen Etesa lantegira eraman nahi ditu, eta gutxi batzuk Soriara. LAB sindikatuak nabarmendu du langile gehienek 30 urtetik gora daramatzatela enpresarentzat lanean, eta lekualdatze kolektiboa "mozorrotutako kaleratze kolektiboa" dela.

Egoera salatzeko, greba mugagabea hasiko dute Bediako Incoesako beharginek hilaren 27an. Lekualdatze kolektiboa atzera botatzeko, soldatak ez jaisteko eta Bedian «lanpostu egonkor eta duinak» izaten jarraitzeko «seriotasunez» negoziatu eta aztertzeko mahai baten inguruan jartzeko eskatu diote zuzendaritzari.

Higinio Arteta bediatarra da enpresaren zuzendaria, eta hain  zuzen ere Bedian sortu zuen transformadoreen produkziorako konpainia. Urteetan kapitala hazi ostean, egun enpresak Extremaduran eta Sorian ere baditu lantegiak, eta LABen esanetan, zuzendaritzak 15 eta 20 milioi euro inbertitu ditu Extremadurako lantegian, Bedian ez bezala. Orain, Bediakoa itxi eta Etesara lana lekualdatu nahi du, hura «modernoagoa eta errentagarriagoa» delako.

Sindikatuak Cebek Bizkaiko patronala ere kritikatu du, oraintsu eman ziolako enpresari lanagatiko saria Artetari, eta galdegin dio ea hori den euskal sare industrialaren aldeko Cebeken apostua. Aldi berean, LABek deia egin dio Eusko Jaurlaritzari, Incoesaren deslokalizazioa onartu ez dezan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.