Euroguneko ekonomia motorren makalaldia ez dira antzematen ari euskal konpainietan. Ez, behintzat, esportazioei erreparatuta: indar pixka bat galduta bada ere, egonkor eutsi diote orain arteko mailari, autogintzaren bultzadari esker. Urteko lehen seihilekoan 15.283 milioi euroren ondasunak saldu dituzte enpresek Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo, iaz tarte berean baino 42 milioi gutxiago (%1); Bizkaian (-%11,8) eta Nafarroan (-%4) baino ez dira jaitsi esportazioak. Antzeko bilakaera eduki dute inportazioek ere, baina kolpe latzagoa jaso dute. Iaz baino 604,6 milioi gutxiagoko erosketak egin dituzte enpresek urteko lehen erdian: 9.995 milioikoak, guztira.
Bizkaia da saldo negatiboa (-66,8 milioi eurokoa) duen bakarra, Bilboko portutik Petronorrentzat sartzen den petrolioaren eraginez. Inoizko balio txikienera eraman du prezioaren amiltzeak, eta horrek -%19,3 gutxitu dizkio inportazioak. Duela urtebetetik ia sei puntu galdu ditu: -%13,4tik -%19,3ra. Brent upela minimo historikoetara jaitsi ostean —bi urtean %75 merkatuta, 30 dolarretik behera saldu zen urtarrilean—, otsailetik garestitzen ari da, eta 50 dolarreko langa gainditu du.
Nafarroak, Gipuzkoak eta Arabak dute superabit handiena kanpo merkataritzan —parekoa hirurek—, Volkswagenen, CAFen, Irizarren eta Mercedesen esportazioek eraginda, neurri handi batean. Espainiako Ekonomia Ministerioaren arabera, ekipo ondasunak, argindarrarekin lotutakoak eta manufakturak dira Gipuzkoaren eta Bizkaiaren indarguneak. Araba eta Nafarroakoak, berriz, autoen eta elikagaien sektoreak.