Indarrean sartu da kaleak piztu zituen erretreten erreforma

Ipar Euskal Herriko eta Frantziako langileak 64 urterekin erretiratuko dira 2030etik aurrera. Sindikatuek protestekin jarraituko dute urrian

Erreformaren aurkako manifestari bat, apirilean, Parisen. C. P. T. / EFE.
inaut matauko rada
2023ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Kaleak, Frantziako Asanblea eta Kontseilu Konstituzionala hankaz gora jarri zituen erreforma, erretreten erreforma hain zuzen, atzo sartu zen indarrean, eta hemendik aurrera Ipar Euskal Herriko eta Frantziako langileek gutxienez 64 urte izan arte egin beharko dute lan erretiroa hartzeko.

Emmanuel Macron Frantziako presidentearen bigarren agintaldiko lehen erreforma handia izan da hori, eta sindikatuak eta milioika herritar aurka izan ditu hainbat hilabetez, erreforma atzera botatzeko eskatuz. Frantziako Gobernuaren arabera, Gizarte Segurantzaren kontuak orekatzeko «ezinbesteko» erreforma izan da; izan ere, araudi aldaketa babesteko Macronek eta Elisabeth Borne lehen ministroak erabili duten argudio nagusia Gizarte Segurantzaren defizit maila izan da. Haien ustez, erretiro adina atzeratu ezean, Frantziako pentsio sistemak defizit eta presio «jasanezinak» izango lituzke.

Erretiro adina 62 urtetik 64ra gibelatzeaz gain, gehiengo pentsioa jasotzeko egin beharreko lan denbora ere handitu dute. Lehen, 42 urte kotizatu behar ziren pentsioa osorik jasotzeko, baina 2027tik aurrera 43 urtez kotizatu beharko dute langileek.

Erreformaren testuak hamaika buelta eman zituen. 2022ko abenduan azaldu zituen nondik norakoak Bornek, baina horren aurretik protestak iragarri zituzten sindikatuek. Asanbleako talde asko aurka zeuden, eta ehunka zuzenketa aurkeztu zituzten eztabaida zapuztu eta legea blokeatzeko. Hala, Macronek Frantziako Konstituzioko 49.3 artikuluari esker onartu zuen legea, eta bi zentsura mozio gainditu behar izan zituen ondorengo asteetan. Kasua Frantziako Kontseilu Konstituzionalera iritsi zen, baina horrek onartu egin zuen, eta erreferenduma ukatu zuen.

Pentsiodunak, etzi kalera

Hego Euskal Herriko pentsiodunek, berriz, datorren astelehenean ekingo diete berriro protestei, udaren ostean. 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren aldarria kalera atera nahi dute berriro, gogoraraziz Hegoaldean ia 220.000 pentsiodun daudela eskatzen duten gutxieneko horretatik beherako pentsioekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.