Indarrek 215 langilerentzat espedientea aurkeztu du

173 langileri lan orduak %55 gutxitu nahi dizkie urtebetean, eta beste 42ri orduen %59 sei hilabetean

Erredakzioa
2009ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Handiei eta txikiei, tamaina guztietako enpresei ari zaie eragiten krisia. Hori erakusten dute bederen enplegua erregulatzeko espedienteei buruzko datuek. Beasaingo Indar izan da horietako bat aurkezten azkenetakoa, Gipuzkoako enpresarik handienetako bat, hain zuzen. Dituen 773 langileetatik 215i eragingo die dosierrak, baldin eta Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak oniritzia ematen badio.

Hiru motako espedienteak daude: kontratua aldi baterako etetekoak, kontratua haustekoak eta lanaldia murriztekoak. Oso ohikoa izan ez arren, azken horren alde egin du Indarrek. Lan elektrikoan aritzen diren 173 langileri lanaldiaren %55 murriztea proposatu du, urtebetean. Lan hidroelektrikoetan egiten dituzten 42 langileri, aldiz, lan orduak %59 gutxitzea nahi du, sei hilabetean.

Eskaeren jaitsiera jarri du enpresak espedientea aurkezteko arrazoitzat. Lan karga %60 jaitsi dela azaldu du. Sindikatuek, ordea, ez dute sinatu. Zuzendaritzaren arabera, hurrengo asteetan langileekin akordioa lortzen saiatuko dira. Legearen arabera, soldataren %63 osatu behar du enpresak. Hortik gora ordaintzeko prest agertu da.

Mendiaraizen bederatzi

Zumaiako Mendiaraiz enpresako langile batzordeak jakinarazi duenez, enpresak bederatzi langile kaleratzeko asmoa du abenduan. Aurrez beste bederatzi bidali zituen. Horiek salatzekogreba egingo dute. Enpresak egindako kudeaketarekin ere ez daude ados langileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.