INDUSTRIA. IRIZAR. Irizarrek hiri autobusak ere egingo ditu Marokon

Ormaiztegiko enpresak lantoki berria zabaldu du Marokon, eta hor urtean mila autobus ekoizteko gaitasuna izango du

MIREN GARATE BERRIEMAILE BEREZIA SKHIRAT
2008ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Rabat Marokoko hiriburu politikoaren eta Casablanca hiriburu administratiboaren artean. Skhiraten ireki du azken enpresa Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Irizar autobus konpainiak. Europan hain emaitza onak eman dizkion Century modeloko autobusak ekoitziko ditu han (munduan 20.000 baino gehiago saldu ditu), baina beste erronka bat ere jarri dio bere buruari: hiriko autobusen merkatuan sartzea.

2004an Galiziako Castrosua etxearekin hitzarmena egin zuen Irizarrek. Haren arabera, Euskal Herrian eta Espainian hurrengo hamar urteetan hiriko autobusik ez ekoizteko konpromisoa hartu zuen. Eta trukean galiziarrek Irizarri hiriko autobus propioak diseinatzeko teknologia eskura jarriko ziotela hitzartu zuten, autobus horiek gainerako merkatuetan komertzializatzeko.

Bada, dagoeneko martxan jarri dute teknologia horiek transferitzeko proiektua. «Hiriko autobusen sekulako eskaera dago hemen, eta horri erantzun nahi diogu», esan zuen atzoko inaugurazio ekitaldian Jose Manuel Orcasitas Irizar Maroc-eko presidenteak. Orain artean, Txinan soilik egin ditu saio batzuk arlo horretan, eta herrialde horretan ere hiriko autobusen merkatua sendotzen saiatuko direla iragarri zuen Orcasitasek. Gainerakoetan, orain arte bezala, luxuzko autobusekin soilik jarraituko duela argi utzi zuen ordea.

Orcasitasez gain, lantokiaren aurkezpen ekitaldian izan ziren Abuchane Mohammed Marokoko lantokiko zuzendari nagusia, Peio Alzelai eta Gorka Herranz kontseilariak eta Irizarreko beste hainbat kide. Ahmed Reda Txami Marokoko Merkataritza, Industria eta Teknologia Berrien ministroa ere joan zen inaugurazio ekitaldira. Nabarmendu zuen eskualdearentzat «oso garrantzitsua» izango dela Irizarrek zabaldu duen lantegia.

Marokoko bigarrena

Skhiratekoa ez da, ordea, Irizarrek Marokon duen lantoki bakarra. Enpresa 1997tik dago han;Sale herrian hain zuzen, Magreb eskualdean. Hasiera batean hango enpresa batekin elkarlanean aritzen zen, baina 2002. urtean akzioguztiak eskuratu zituen. Orduantxe hasi ziren Marokon ere Century modeloa ekoizten.

Baina, Orcasitasen hitzetan, txiki geratu zaie lantoki hura, «Geneukan eskaria ezin beteta ibili gara azkenaldian». Hala, 2005aren amaieran Marokon lantegi berri bat eraikitzea erabaki zuten, eta 2006an hasi ziren lantoki berria egiteko prozedurekin. Urte horretan lantegia egiteko lurra erosi zuten. Irizarrek 25 milioi euro inbertitu ditu Skhirateko plantan.

15.000 metro koadro ditu, eta Salekoak baino zortzi aldiz ekoizpen gaitasun handiagoa. Instalazioak ere erabat modernoak jarri dituzte. «Hau bestea baino europarragoa da», zioten Irizarreko ordezkariek. Hain zuzen, urtean mila autobus egin ahal izango dituzte. Orain 160 inguru ari badira ere, aurrerantzean 200 bat langilek lan egingo dute han. Handitzeko aukera ere ematen du lantokiak. Marokorako ez ezik, inguruko Afrikako herrialdeetarako ere ekoitziko dute Skhiraten, eta Europara esportatzea ere ez dute baztertzen.

Jose Manuel Orcasitasek adierazi zuenez, oso gustura daude orain artean Marokon edukitako esperientziarekin. Eta lortu duten markaren irudia nabarmendu zuen. «Luxuarekin identifikatzen da Irizar hemen. Pentsa, batzuk autobusaren aurreko aldea kendu eta Irizarren ikurra duena jartzen ere ikusi ditugu». Hain zuzen, Marokoko luxuzko autobusen merkatua erabat kontrolatzen du Irizarrek.

Zazpi, Euskal Herritik kanpo

Azken urteotan nazioartera hedatzeko apustu sendoa egin du Ormaiztegiko enpresak. Atzo inauguratutakoaz gain, sei lantegi dauzka Euskal Herritik kanpo, munduko txoko guztietan: Tianjinen (Txina, 1995), Salen (Maroko, 1997), Botucatun (Brasil, 1998), Queretaron (Mexiko, 1999), Madurain (India, 2001) eta Pretorian (Hego Afrika. 2004). 3.100 langilek baino gehiagok lan egiten dute bertan. Irizarrek 85 herrialdetara esportatzen du.

Etorkizunerako dituzten asmoei buruz galdetu ziotenean, merkatuaren beharren arabera jokatuko dutela adierazi zuen presidenteak.«Ez gara obsesionatuko lantokiak irekitzen». Indian, ordea, dagoeneko martxan dute lantoki berri bat irekitzeko proiektua, beste bi enpresarekin batera.

Irizarren atzerriko herrialdeetan ere bere kudeaketa eredua aplikatzen duela nabarmendu zuen. Baita bertako bezeroen eta kulturetara egokitzearen beharra aldarrikatu ere.





############



Euskal Herriarentzat negozioetarako herrialde interesgarria da Maroko, bai han lantokiren bat irekitzeko, bai Euskal Herrian ekoitzitako produktuak hara esportatzeko.

Begiz jotako herrialdea

M. Garate Skhirat

Europan eta AEBetan lehiakortasuna irabazteko, Marokora. Irizarrek ez ezik, beste hainbat enpresak egin dute apustu hori azken urteotan. Dozena bat dira, gutxienez, han lantokiren bat ezarri dutenak, eta beste hainbestek jarri dute merkataritza basea. Marokok eskaintzen dituen gertutasuna, logistika ona eta ekoizpen maila altuko langileak izan dira hara joateko arrazoietako batzuk. Baina garrantzitsuena, noski, ekoizpen kostuak merkeagoak izatea.

Sektore askotariko euskal enpresak produzitzen dute Afrika iparraldeko herrialde horretan. Fagor Etxeko Tresna Elektrikoak kooperatiba, motoentzat kateak ekoizten dituen Iris 2000 enpresa, autogintzan espezializatutako Cromoduro edota Garavilla kontserba etxea dira adibideetako batzuk.

Eta datozen urteotan baliteke harako saltoa egiten duten enpresen kopuruak gora egitea. Arrazoia: Renault-Nissan auto etxeak Marokoren alde egindako apustua. Urtarrilaren 18an hango gobernuarekin sinatutako akordioaren ondotik, «munduko lantegirik garrantzitsuenetakoa» ireki nahi du Renaultek Tanger eskualdean. Hasiera batean, 200.000 auto ekoizteko gaitasuna edukitzeaaurreikusi dute enpresako arduradunek, eta urte gutxian kopuru hori bikoiztea. Era berean, 36.000 lanpostu zuzen sortuko dituztela diote.

Proiektuak dagoneko piztu du hainbat euskal enpresaren interesa. Hala aitortu zuen bederen Abdelaziz Mazuz Marokoko Gobernuko Kanpo Merkataritzako ministroak. SPRI Industria Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuak antolatutako jardunaldietan parte hartu zuen Mazuzek maiatzean. Eta euskal enpresentzat bereziki interesgarri gisa bi sektore aipatu zituen: batetik, autogintza -Renaulten eskaera bete ahal izateko- eta, bestetik, energia berriztagarriak. Izan ere, garatzen jarraitu nahi badu, behar-beharrezkoa du Marokok energia arloa hobetzea.

Horrez gain, ekonomiaren liberalizazioak aukerak zabalduko zituela esan zuen, Gobernuak hainbat sektore esku pribatuen esku uztea erabaki baitu azken urteotan. Mazuzek telekomunikazioak, ikus-entzunezkoak edota itsas eta aire bidezko garraio enpresak aipatu zituen.

Esportazioetan, emaitza onak

Hara joateko asmorik izan ez arren, beste enpresa askok ere interes bereziarekin begiratzen diote Marokori. Izan ere, han gero eta arrakasta handiagoa dute Euskal Herrian ekoitzitako produktuek. Betidanik izan da esportatzeko merkatu interesgarria, baina azken urteotan garrantzi berezia hartu du. 2001ean, esaterako, 108.199 euroren balioa izan zuten hara egindako salmentek; 2007an, berriz, 510.498 eurorena.

Era guztietako produktuak saltzen dira, gainera: siderurgiakoak, eraikuntzarako elementu metalikoak, elektrizitatea sortzeko ekipamenduak, makina erremintako produktuak, tutuak, etxetresna elektrikoak, papera edo autogintzarako osagaiak, kasu.

Marokotik inportatu, berriz, nagusiki arropa eta arraina egiten dira. Azken urteotan egonkor samar mantendu da han erositako produktuen kopurua, eta urtean ehun milioi euro ingurureninportazioak egiten dira.





############





Marokon ekoiztea ezberdina da

ABANTAILAK

1Gertutasun geografikoa. EuskalHerriareneta Marokoren artean mila kilometro pasatxo daude.

2Ekonomia liberalizatzen. Gobernuak liberalizazioaren eta pribatizazioaren aldeko pausoak eman ditu.

3Ekonomia irekitzen. Europarekin eta AEBekin akordioak egin ditu Marokok, ekonomia kanpora irekitzeko helburuarekin.

4Eskulan merkeagoa. Marokon ekoizteak Europako herrialdeetan egiteak baino dezente kostu ekonomiko gutxiago ditu.

OZTOPOAK

1Aduanako zerga eskubide garestiak.Han ekoitzitako produktuak inportatzeko, zerga dezente ordaindu behar da.

2Administrazio prozeduren geldotasuna. Edozein paper edo baimen lortzeko, denbora asko behar da.

3Nekazaritzarekiko gehiegizko menpekotasuna. Eguraldiak erabat baldintzatzen du herrialdeko ekono- mia.

4Jabetza intelektualeko eskubideak haustea . Jabetza intelektuala eta industriala ez dira Euskal Herrian bezain zorrotz errespetatzen.





############



Marokora

LANTEGIA JARRI DUTENAK

Cegasa. Gasteiz.

Cromoduro. Bilbo.

Fagor Etxetresnak. Arrasate.

Garavilla kontserbak. Mundaka

Idom. Bilbo.

Iris 2000. Eibar.

Irizar. Ormaiztegi.

Tavex. Bergara.

MERKATARITZA GUNEAJARRI DUTENAK

Alcyon. Eibar.

Amper. Bilbo.

Gambil. Azpeitia.

Guascor. Zumaia.

Ipyesa. Lasarte.

Luma. Hernani.

Panelfisa. Tolosa.

Urpemak. Zumaia.





############



Merkatuan dagoen eskaera handiari produktu fidagarriekin eman nahi diogu erantzuna»

JOSE MANUEL ORCASITAS
Irizar Maroceko presidentea



############



Instalazio hauek gure lehiakideengandik bereizteko aukera emango digute»

ABUCHANE MOHAMMED
Irizar Maroceko zuzendari nagusia



############





Datuak

200

Langileak. Orain hilabete inguru hasi zen ekoizten Skhirateko lantokia, 160 langile ingururekin. Aurrerantzean hor200 bat lagun ariko direlaaurreikusten dute. Irizar talde guztian 3.500 inguru ari dira gaur egun.

8

Ekoizteko gaitasuna. Saleko lantokian baino zortzi aldiz ekoizpen gaitasun handiagoa izango du Irizarrek atzo inauguratutako Skhirateko lantokian. Urtean mila autobus inguru, hain zuzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.