Ekonomia

Industria jarduera %2,4 hazi zen azaroan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

2016ko azaroarekin alderatuta, jarduera %6 handitu da Gipuzkoan, %2,4 Araban, eta jaitsi egin da Bizkaian, %1.

Tolosako Pasaban lantegia, artxiboko argazkian. EFE
Irune Lasa.
2018ko urtarrilaren 10a
14:31
Entzun

Gorabeherak gorabehera, industria jarduerak hazkunde joerari eusten dio oraindik ere Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Eustatek neurtzen duen IPI industria produkzioaren indizea %1,4 handitu da urritik azarora artean, eta, aurreko urteko azaroarekin alderatuta, hazkundea %2,4koa izan da, udako ohiko beheraldiaren ostean gorakada indartsua iritsi ostean.

Industria sektore handiei erreparatuz, 2016ko azarotik 2017kora gehien hazi den sektorea bitarteko ondasunena izan da, jardueraren %5,8ko igoerarekin. Kontsumo ondasunen sektoreak ere %2,5eko igoera gehitu du. Aldiz, energia eta ekipo ondasunen sektoreetako jarduerak apaldu egin dira —%3,3 eta %0,3, hurrenez hurren—. Hori bai, urritik azarorako bilakaeran igoerak izan dira sektore guztietan: energian %2,6; kontsumo ondasunetan %1,4; ekipo ondasunetan %1,2; eta bitarteko ondasunetan %1,2.

Pisu handiena dutenen zerrendan, 2016ko azarotik 2017kora gehien hazi den sektorea kautxu eta plastikoena izan da, jarduera %11 handituta. Metalurgia eta produktu metalikoen sektoreak ere hazkunde nabarmena izan du, %6,1ekoa; baita elikagaienak ere, %3,1 hazita. Jarduera apalagoa izan dute material eta tresneria elektrikoak —%6,2 jaitsita— eta energia ekoizpenak —%5,4 jaitsita—.

Herrialdeka, 2016ko azarotik 2017ko azarora bitartean industria jardueran Gipuzkoak izan du bilakaera onena, %6ko hazkundearekin, eta Araban ere gora egin du jarduerak, %2,4. Bizkaian, urte arteko datua negatiboa izan da, jarduera indizea %1 apaldu baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.