Industria enpresetan oraindik ere eguneroko kontua dira enplegua erregulatzeko espedienteak. Espero zuten, beraz, industria produkzioak behera egingo zuela uztailean ere. Iazko datuekin alderatuta, %25,9koa izan da jaitsiera. Badirudi, baina, beherakadak erritmoa moteldu duela. Izan ere, ekainetik uztailera bitartean, %1,9ko jaitsiera soilik eduki du.
Sektorearen barruan, ekipo ondasunek eduki dute jaitsierarik handiena, %32,3koa. Hurrenez hurren, %29,6 eta %12,2ko beherakada izan dute tarteko ondasunek eta energiak. Kontsumo ondasunen ekoizpena, batez beste, %11,7 jaitsi da, gehienbat kontsumo ondasun iraunkorren jaitsieraren eraginez, %35,1 gutxitu baitira. Kontsumo ondasunez-iraunkorren jarduera egonkorrago mantendu da, iazko datuekin alderatuta, %2,4 soilik jaitsi da.
Eskaerak gora Alemanian
Industri jarduerari buruzko daturik ez, baina industria eskaerei buruzkoak eman ditu Alemaniak. Bigarren hilabetez jarraian, gora egin dute. Ekainean %3,8 igo ziren, eta uztailean, %3,5. Espero zuten igotzea, baina maila apalagoan, %2 inguru. Dena den, urte arteko datuak dezente kaskarragoak dira. Bi hilabete horiek aurreko urtekoekin konparatuz gero, %22,4 jaitsi dira eskaerak.
Barne eskaeren igoerak eragin du industria eskaeren igoera. %10,3 hazi da herrialdetik bertatik galdegindako produktuen kopurua; aitzitik, nazioartekoek%2,3ko jaitsiera eduki dute ekainetik uztailera bitartean; ekonomiak motel segitzen duen seinale.
Besteak beste, Alemaniako merkatu hori sendotu nahi du Beasaingo Indar enpresak. Bulegoa ireki du Pragan, Txekiar Errepublikako hiriburuan, erdialdeko eta ekialdeko Europako merkatuei begira. Hamabi pertsonak lan egingo dute han, jarduera tekniko eta komertzialetan. Era berean, produktu eskaintza areagotzeko asmoa dauka. Motor etageneradore elektrikoak egiten ditu Indarrek.
Hurbilago lortu ditu kontratuak Gamesak, Espainian. Enel Union Fenosa Renovablesekin akordioa lortu ostean, Zamora eta Leongo teknologia parkeetarako 26 airesorgailu egingo ditu. Eta haiek egiteaz gain,instalatzeaz, martxan jartzeaz eta mantentzeaz ere arduratuko da.
Arabako enpresak jakinarazi duenez, 52 megawatteko potentzia edukiko dute. Ingurumenari dagokionez, airesorgailuei esker, atmosferara urtean 78.000 tona karbono dioxidogutxiago isuriko direla nabarmendu du.
Industria jarduera %25,9 jaitsi da uztailean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan
Jaitsiera erritmoa moteltzen ari da, ekainetik %1,9ko beherapena izan baita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu