Industria

Industria jarduera iazkoa baino %12,4 txikiagoa da izan da uztailean

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Industria Produkzioaren Indizeak %3 egin du gora ekainetik uztailera, baina oraindik urrun ditu pandemia aurreko kopuruak. 

Metalurgia da indizean galera handiena duen sektorea. Irudian, behargin bat Sidenorren lantegian (Basauri, Bizkaia). LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Irune Lasa.
2020ko irailaren 9a
11:29
Entzun

Industria sektorearen jarduera hazi egin da (+%3) ekainetik uztailera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina oraindik iazko mailatik oso behera dago, Eustaten Industria Produkzioaren Indizeak erakusten duenez.

2019ko uztailekoa baino %12,4 beherago gelditu da indizea joan den uztailean. Hori bai, urte arteko datu horretan martxotik Eustatek neurtutako murrizketarik txikiena izan da. Indizeak 2020ko hasieratik uztailera pilatutako galera %16,2koa izan da.

Oraindik ere, sektore guztiak daude zenbaki gorrietan, 2019ko uztaileko datuekin alderatuta: Kontsumo ondasunen produkzio indizea %3,9 txikiagoa da, kontsumo ondasun iraunkorren ekoizpena —altzariak, etxeko tresnak eta produktu elektronikoak— apalagoa izan delako (-%8,3), baita iraunkorrak ez diren kontsumo ondasunen produkzioa ere (-%2,9) —elikagaiak, garbiketarako produktuak— . Dena den, ekainetik uztailera, kontsumo ondasunen indizeak %2,6 egin du gora.

Ekipamendu ondasunen sektoreak ibilgailu motordunen, tren makinen, trenbide materialen, aireontzien eta itsasontzien fabrikazioa biltzen ditu, eta alor horretako produkzio indizea ere iazko uztailekoa baino %10,6 txikiagoa da, nahiz eta ekainetik uztailera %3,3 hazi.

Iazko uztailean baino nabarmen murritzagoa izan da jarduera (-%12,6) bitarteko ondasunen sektorean —metalurgia, industria kimikoa, kautxu eta plastikozko produktuak—. Ekainetik uztailera, hori bai, igo egin da alorreko jarduera (+%2,4).

Energia sektorea ere 2019ko uztailetik oso azpira ibili da (-%14,7), baina hilabetean %3,8 hazi da.

Metalgintza okerren

Garrantzirik handieneko sektore zehatzei begira, metalurgia eta produktu metalikoen fabrikazioak izan du jaitsierarik handiena iazko uztailarekin alderatuta (-%20,7). Energia elektrikoaren, gasaren eta lurrunaren alorraren jaitsiera ere ikusgarria da (-%,16,8).

Industria produkzioaren indizearen urte arteko bilakaera, berriz, negatiboa izan da hiru herrialdeetan: Bizkaian,
%14,4ko beherakada izan da; Gipuzkoan, % 11,9koa; eta, azkenik, Araban, % 10,1ekoa. Hilabeteko tartean, ekainetik uztailera, Bizkaian igo da gehien indizea (+%5,2); Araban %1,9 izan da igoera; eta 1,6 Gipuzkoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.