Beharrezkoak ez diren lan jardueren etena amaituta, lanera itzuliko dira bihar milaka behargin Hego Euskal Herrian. Industria eta eraikuntza dira martxan jarriko diren bi sektore nagusiak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 58.893 enpresa zeuden gizarte segurantzan alta emanda etenaren aurretik. Horietatik 6.612 industria arlokoak, eta 5.062 eraikuntzakoak.
Eraikuntza sektoreari dagokionez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 80 enpresa eta 15.000 langile inguru itzuliko dira bihar lanera, Eraikune eraikuntza enpresen klusterraren esanetan. Hark adierazi du ez dela jarduera %100ean hasiko, «martxan diren lanen eta ezarritako protokoloen» arabera baizik.
Industria sektorean ez dago halako kalkulurik, baina enpresa handi askok adierazi dute Aste Santuko oporrak amaitzearekin batera ekingo diotela lanari. Sidenor da horietako bat. Martxoaren 30ean itxi zituzten Basauriko (Bizkaia) eta Gasteizko fabrikak. Jada fabrikatutako materialaren irteeran lan egiten duten beharginak itzuliko dira lehenik, eta, gero, gainontzeko guztiak, «gradualki».
Michelinek ere bihar irekiko ditu Gasteizko eta Lasarteko (Gipuzkoa) fabrikak, Espainiakoak gaur ireki ostean. Horietan COVID-19aren aurkako neurriak hartuko dituztela iragarri dute: besteak beste, langileei tenperatura hartzea instalazioetara sartu aurretik.
Siemens Gamesak Asteasun (Gipuzkoa) eta Mungian (Bizkaia) dituen lantegietan ere bihar itzuliko dira lanera. Bigarrenaren kasuan, jarduera ez zen guztiz eten azken bi asteetan. Era berean, Mondragon kooperatibako enpresetako langileak ere lanera itzuliko dira astean zehar. ITP enpresan, berriz, ostiralean itzuli ziren lanera, lege dekretua bertan behera geratzearekin batera.
Tubacexen kasuan, langileen %30 inguru aritu dira lanean etenaldiak iraun bitartean. Bihar itzuliko dira gainontzekoak, baina enpresa aldi baterako erregulazioa negoziatzen ari da, «merkatuaren eskaerei erantzuteko beharrezko malgutasuna» lortzeko. Tubos Reunidosek ere erregulazio txostena aurkeztuko du Amurriko (Araba) fabrikan, Trapagaraneko lantegian (Bizkaia) aurkeztutakoa onartu ostean. «Ezinbesteko» gutxiengo jarduna mantendu du enpresa hark, eta hala jarraituko du datozen egunetan ere.
Arcelorrek, berriz, itxita mantenduko du Sestaoko (Bizkaia) ACB, haren bezeroek jarduera etena dutelako. Kontrara, Etxebarriko (Bizkaia) lantegia irekia izan dute etenaldian, elikadura sektorerako edukiontziak egiten dituzten enpresak baitutituzte bezero. Olaberriko eta Bergarako (Gipuzkoa) lantegietan, berriz, gutxiengo jarduna mantendu dute.
CAF eta Mercesdes, aurrerago
Badira, ordea, aste honetan jardunera itzuliko ez diren enpresak ere. CAFen Beasaingo eta Irungo (Gipuzkoa) lantegietan 37 langile aritu dira etenaldian, eta gainontzekoak ez dira itzuliko hilaren 20ra arte. Orduan ere, ez dute denek batera egingo. Laugarren dibisioko langile asko geroago sartuko dira,ezin delako bermatu haien segurtasuna.
Mercedesen kasuan, ez dute uste apirilaren 26a baino lehen irekiko dutenik Gasteizko lantegia. Irekiera «mailakatua» izango dela adierazi dute.