Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ondasunen esportazioek %39,2ko igoera izan dute maiatzean, aurreko urteko hil berarekin alderatuz gero; 2.171,6 milioi euroko marka bakarrik 2019ko abenduarena baino apalagoa da, Eustaten arabera, eta, beraz, inoizko handienetakoa. Esportazio ez-energetikoek %41,9 egin dute gora, eta energetikoek, %3,5 behera. Alegia, industriak motorrak berotu ditu, eta eskaeren jarioa nabarmen azkartu da munduko merkatu sendoenetan. Nafarroan, berriz, Volkswagenek indarrez bultzatu ditu gora esportazioak, eta lurraldeko igoera%58,6 iritsi da iazko maiatzarekin alderatuta. 837,7 milioi euroko balioa izan du esportazioek, Nafarroan.
Bestalde, inportazioek, EAEko hiru lurraldeetan, %62,2 egin dute gora maiatzean (guztira 1.733,8 milioi); igoera hori produktu energetikoek eragin dute batik bat (%169,9), nahzi eta ez-energetikoetan ere eskaera handiagoa izan dute EAEko lurraldeek (% 45,2). 2021eko maiatzean, saldo komertziala –esportazioak ken inportazioak– positiboa izan da, eta 437,8 milioi eurokoa izan da; hala, estaldura-tasa %125,2koa izan da. Nafarroan, inportazioek igoera nabarmena izan dute, %78,2koa, betiere urte arteko tasan, eta 482,6 milioi euroko balioa izan dute. Baina pandemiaren aurreko egoerarekin alderatuz gero, iesportazioek %12,2 apalgoak dira oraindik eta inportazioak maila berean daude jadanik. Balantza komertziala 355,1 milioi euroko emitza positiboa dauka, hala ere, eta ia %38ko igoera izan du iazko maiatzarekin alderatuta.
Edonola ere, laugarren hilabetez jarraian balio negatiboak izateari utzi diote Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak, eta igoera hauek izan dituzte: Gipuzkoan, %29,7koa; Araban, %35,7koa; eta Bizkaian, %50,6koa. Bizkaiaren kasuan, esportazio energetikoek izan duten %4,5eko beherakada nabarmendu behar da.
Garraioaren materialaren esparruan metatuta da igoera Araban dira, eta esportazio guztien %55,2 dira esparru horretakoak; izan ere, %20,5 egin dute gora. Modu berean, Plastikoak, kautxua eta haien manufakturak multzoaren esportazioak %83,7 igo da. Metalak eta haien manufakturak (%48,1) eta Materiala, makinak eta aparatu elektrikoak (%45,3) gora egin diute ere.
Gipuzkoan, berriz, gora egin dute Metalen eta haien manufakturen salmentek (%45,7), Material, makina eta aparatu elektrikoenek (%29,4) eta Garraio-materialaren salmentek ere (%13,2). Gainerako sekzioetan –bitan izan ezik– atzerrirako salmentak ere handitu dira. Bistan denez, makina erremintaren sektorea berotzen joan da urteak aurrera egin ahala, baita CAF eta Irizar gisako enpresa traktoreak ere, eta dagoeneko erritmo bizian ari dira esportatzen.
Bizkaiko esportazioek ere beste lurraldeetako joera berari eutsi diote, baina igoera are nabarmenagoarekin: %50,6. Garraio-materialen (%242,3), Material, makina eta tresna elektrikoen (%65,2), Plastiko, kautxu eta haien manufakturen (% 77,1) eta Metalen eta haien manufakturen (%20,3) esportazioaren gorakadaren ondorioz lortu du datu deigarria. Soilik lau arantzel-sekziok dituzte hazkunde-tasa negatiboak, eta haien artean nabarmentzekoa da Produktu eta mineral energetikoena (–% 2,4).
Esportazioan jomugak
Bost herrialde izan dira euskal esportazioen bezero nagusiak, maiatzean: Alemania, Frantzia, Estatu Batuak, Erresuma Batua eta Norvegia. Esportazio guztien ia erdia (%48,8) haiena bidali dute enpresek, 1.060,2 milioi euroko balioarekin. Bi herrialdek esportazio guztien %59,3 jaso dituzte, Alemania eta Frantzia. Ehuneko hori %65,2koa izango litzakete Erresuma Batua gehituz gero. Brexitak ez ditu askorik galgatu momentuz euskal esportazioak.
Zazpi helmuga nagusietara bideratzen diren salmentak esportazioen %53,9 hartu dituzte aurtengo maiatzean. Belgikara zuzendutako salmentak %63,8 hazi dira, eta beste herrialde batzuetako hazkundeak honako hauek dira: Frantzia %36, Erresuma Batua %35, Italia %25, Alemania %23, Belgika % 22 eta Herbehereak % 17. Europako Batasunetik kanpo, hiru herrialde nabarmendu behar dira: AEBetara bidalitako esportazioek %57ko igoera izan dute; Norvegiakoek, berriz, %703koa; eta Txinako esportazioek %39koa.
Bestalde, inportazioen erdia baino gehiago Europako Batasunetik etorri da (%54,4), eta Erresuma Batua gehituz gero, % 57,1era iristen da portzentaje hori. Maiatzean betiere, Alemaniak euskal inportazioen % 28 pilatzen du, guztira 264,9 milioi euro, eta %34,7ko igoera izan du; ondoren daude Frantzia (158,7 milioi euro eta %66ko igoera) eta Italia (100,1 milioi eta %66,4ko igoera). EB27tik kanpora, baina Europako eremuan, Erresuma Batua nabarmendu behar da berriro: %68,6ko igoera eta 47,9 milioi.
Munduko gainerako herrialdeei dagokienez, honako hauek dira inportazio-bolumen handiena izan duten herrialdeak: Mexiko, 109,3 milioi euro (%660ko igoera); Txina (108,1 milioi), Errusia, (91,3 milioi) eta, alde nabarmenarekin, AEBak (26,9 milioi) eta Brasil (26,3 milioi).