Industriak aurreikusi baino motelago hasi du urtea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta lehenengo hiruhilekoko jarduera %0,9 jaitsi da, aurreko urteko epe berarean izandakoarekin alderatuta.
Kontuan hartu behar da iazko urtarrilean eta otsailean enpresak pandemiaren eragina nabaritzen hasi baziren ere —nazioarteko eta, bereziki, Asiarekiko harreman komertzialean—, ez zutela euren jarduera mugatu martxoko bigarren hamabostaldira arte, konfinamendu zorrotza ezarri zen arte.
Horrela, 2020ko martxoarekin alderatuta, industria ekoizpena %12,2 igo bada ere, aurreko bi hilabeteetan azpitik egon da, pandemiaren eraginez, eta horrek eragin du urte hasierako jaitsiera.
Dena den, martxa hartzen hasia dela erakusten dute hilabete batetik besterako datuek. Otsailetik martxora arteko aldakuntza positiboa izan da industria sektore handi guztietan, kontsumo arruntaren hazkundearen ondorioz. %0,7 handitu da oro har industria jarduera. Soilik energiaren sektoreak egin du behera (-%5,4), joan-etorriei ezarritako mugengatik eta industriaren erritmo motelak baldintzatuta.
Iazko martxoko datuekin alderatuta, euskal industrian pisu handiena duten sektoreen artean hazkunderik handienak izan dituzten sektoreak hauek izan dira: kautxua eta plastikoa (+% 41,9), garraio materiala (+% 38,9) eta makineria eta ekipoa (+%17,6). Portaera negatiboa izan duten sektore garrantzitsu bakarra energiarena izan da: -%17 egin du behera.