Ekonomia jarduera

Industriak sendo hasi du urtea Bizkaian

Enpresek "hobekuntza nabaria" ikusten dute eskaera zorroan eta ekoizpen perspektibetan.

Miren Garate.
2014ko apirilaren 15a
07:35
Entzun

Industria koiunturari buruzko inkesta egin du Bizkaiko Merkataritza Ganberak. Urtarrilean eta otsailean enpresen %43k gehiago ekoiztu zuten, eta %18k, gutxiago. Saldu ere %48k gehiago egin zuten, eta %21ek gutxiago. Esportazioak mantendu edo gehitu egin zituzten hamarretik zortzik. Enpresen erdiek baino gehiagok uste dute eskaera zorro "egokia" dutela, eta %11k, "altua". Urteetan geldirik egon ostean, Hego Euskal Herriko eta Espainiako merkatua ere "suspertzen" ikusten dute.

Kopuru horiek 2013koak baino "askoz hobeak" dira. Orduan, ekoizpena %20k gehitu zuten, eta %38k gutxitu. Salmentak %28k soilik hobetu zituzten, eta okertu egin zitzaizkien %41i. Esportazioei hamarretik zazpik eutsi zieten. Eskaera zorro egokia zutela %38k uste zuten.

Hobekuntza "nabarmen" hori enpleguan ez da hainbeste islatuko. Enpresen %9k esan dute lantaldea murriztuko dutela; %10ek, gehitu egingo dutela; gainerakoek egungo lanpostuak mantenduko dituztela diote.

"Datuek erakusten dute Bizkaiko industria krisia gainditzen ari dela. Bizirik dago, eta jarduera ekonomikoak behar duen trakzio lanak egiteko aktibo", esan du Jose Angel Corres Bizkaiko Merkataritza Ganberako presidenteak. Horretarako, ordea, finantzaketarako sarbidea "ezinbestekoa" dela dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.