Industriari lotutako herria izaten jarraitzen du Euskal Herriak. Bigarren sektorean ari dira okupatutako biztanleen %35,4, Gaindegia Euskal Herriko Ekonomia eta Gizarte Garapenerako behatokiak Datu Talaian eginiko ikerketaren arabera. Munduko herrialde garatu guztietan legez, ekonomiak hirugarren sektorerako hartu duen norabideari ez zaio arrotz, ordea, nahiz eta oraindik Europako Batasuneko batez bestekoen gainetik egon.
Azken 30 urteotan bere nagusitasuna galdu du Industriak. 1975ean Euskal Herriko langileen erdiak baino gehiago ari ziren industrian, eta kopuru hori ia %18 jaitsi da harrezkero. Jaitsierarik adierazgarrienak Bizkaian (%24 gutxiago) eta Araban (%21 gutxiago) jazo dira.Euskal Herriko herrialdeen artean, batez bestekotik gora daude Araba, Gipuzkoa eta Nafarroa. Bizkaian langileen herenak dabiltza bigarren sektorean. Industrializazioaren garaietatik Bizkaia herrialde industrialarekin identifikatua izan da, baina azken hamarkadetako moldaketa etengabeek arrastoa utzi dute, batik bat Bilboko itsasadarreko enpresa handietan. Lapurdin eta Nafarroa Beherean, aldiz, bost langiletik bat dabil soilik industrian.Langile kopuruan duen jaitsiera agerikoa da, baina ez isolatua. Gaindegiak eginiko alderaketak dioenez, Europako Batasuna 2004. urtea arte osatzen zuten hamabost herrialdeak gainditzen ditu puntu horretan. Euskal Herriaren atzetik datoz Portugal (%35,4), Alemania (%33,5) eta Italia (%31,8).
Hiriburuak, zerbitzuetarako
Hirugarren sektoreak hartu duen indarraren erakusgarri dira hiriburuetako datuak. Soilik Donibane Garazin eta Maulen gainditzen dute herrialdeak duen batez bestekoa. Donostian (%22,5) edo Bilbon (%25) zerbitzuetan ari dira beharrean biztanle gehienak. Hiriburuen artetik Gasteiz da oraindik ohiko lantegiko langile ereduari eusten dion bakarra: oraindik ia hamar langiletik lau bigarren sektorekoak dira.
Industriako behargin gehien dituzten udalerrien artetik adierazgarria da Debagoienan ematen den kontzentrazioa. Arrasaten (%60,3), Aretxabaletan (%66) edo Eskoriatzan (%71,2) herritar gehienak biltzen dituen sektorea da. Kooperatiben itzala luzea da eskualde osoan, egitura ezohiko baten erakusle.Historiaren joanean industriarekin lotura handia izan duten beste udalerri batzuek, apalago bada ere, nortasun ezaugarriei eusten diete. Halakoak dira Eibar (%50,3) edo Laudio (%48), esaterako. Txanponaren ifrentzua Bizkaia da, non Ezkerraldeko herri bat bera ere ez dagoen industriak pisu gehien dituen udalerrien artean.Nafarroa Beherean edo Zuberoan badira industrian langilerik ez duten hainbat udalerri, txikiak izanagatik. Aldiz, Nafarroako eta Gipuzkoako 25 udalerri handi guztiek, behintzat biztanle okupatuen laurden bat industriaren sektorean dute. Udalerri handien artetik, Lapurdikoak dira langile gutxien duten hiru herriak: Miarritze (%16,2), Baiona (%17,7) eta Angelu (%18,8).
BIGARREN SEKTOREA AZTERGAI
Industrialak, baina gutxiago
Azken 30 urteotan industriak Euskal Herriko ekonomian pisua galdu du, baina sektore indartsua da oraindik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu