Industrialde eta enpresa poligonoak berritzeko laguntzak emango ditu Eusko Jaurlaritzak

Laguntzetan 4,6 milioi banatuko dira datozen bi urteetarako. Industrialdeek, udal eta foru aldundiek eta enpresa elkarteek eskatu ditzakete.

Alex Arriola SPRIko zuzendari nagusia, Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusia, Arantxa Tapia sailburua eta Javier Zarraonandia industria sailburu ordea, gaur, Zuatzun. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Irune Lasa.
2018ko abuztuaren 29a
14:06
Entzun

“Herri bakoitzean bat edo bi industria gune ditugu eta asmoa horiek eraberritzea da, beste itxura bat ematea, erakargarriagoak izan daitezen, ekimen eta enpresa berriak, jarduera berriak bertan ezarri ahal izateko”. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburuak Donostiako Zuatzu enpresa poligonoa aukeratu du industria eta enpresa guneak berritzeko Renove plan modukoa aurkezteko.

Bi urterako deialdia ostiralean zabalduko da, 4,6 milioi euroko kopuruarekin. SPRIren bitartez bideratuko dira urbanizazio, birsorkuntza eta eraberritzeetarako diru laguntzak, 3,1 milioi euro guztira. EEEk, berriz, energia berriztagarrien erabilera sustatzeko proiektuak lagunduko ditu, 1,5 milioi eurorekin. Industrialdeek, udal eta foru aldundiek eta enpresa elkarteek hartu ahalko dute parte deialdian.

Krisiaren ajeak

Arantxa Tapiak Zuatzu “ondo dauden” poligonoen adibidetzat jartzearekin batera, “horren ondo ez dauden poligono eta industria guneak” egon badaudela aitortu du. “Krisiarengatik eraikinak hustu egin direlako, enpresak itxi edo joatean; edota eraikuntza lanak bukatu gabe gelditu direlako. Eta bestela ere, errepideak zaharkituak gelditu direlako edo energiaren ikuspuntutik klimatizazio kaskarra dutelako... hainbat gai daude hobetzekoak”.

Garapen Ekonomikoko sailburuaren ustez, une egokia da halako asmo baterako. “Krisialditik ateratzen ari garen honetan, jarduera berriak martxan jartzen ari direnean, guk ere zerbait egin beharko dugu”. Hori bai, Tapiak baztertu egin du industria eta enpresa gune berriak egiteko beharra. “Une honetan jarduera dago, poligonoetan lurraren eskaera dago. Baina dagoeneko dauden industria guneak era egokian baliatu behar ditugu, soilik behar beharrezkoa denean egin behar dira berriak. Adibidez, Babcocken gune guzti hori erabiltzeke dagoela, ez litzateke logikoa beste gune berri bat irekitzea”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.