Industria "goitik behera" alda dezakeen makina hibridoa aurkeztu dute goizean Donostian. Azkoitiko Ibarmia enpresak, Tecnalia ikerketa zentroak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateak garatu dute bederatzi hilabeteko epean. Elkarlanaren garrantzia azpimarratu du Ibarmiako zuzendari nagusi Koldo Arandiak. "Bakarrik sortzekotan, gutxienez sei urte beharko genituzke". Makinak industriak galdegiten dituen bereizgarriei erantzungo diela esplikatu du, prozesu ezberdinak "modu eraginkorrean" uztartzea ekarriko duelakoan. "Oraindik ezagutzen ez ditugun aukerak zabalduko ditu diseinuaren eta fabrikazioaren alorretan", gehitu du.
ADD+PROCESS izena jarri diote punta-puntako makinari. Bost metro luze, lau metro zabal eta 30 tona inguruko pisua du. Arandiak zehaztu du dimentsio handiko prototipoak eta piezak egin ditzakeela, "1,6 metroko luzerainokoak". Gainera, automobilgintzarako eta aeronautikarako aparteko balioa duten piezak konpontzeko gaitasuna du, Tecnaliako zuzendari nagusiaren alboko Iñaki San Sebastianen hitzetan. Mugarritzat jo du Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapiak.
"Aproposa", diseinu mugak gainditzeko
Ohiko teknologiekin alderatuta, makina horrek oso material gutxi erabiltzen du gehikuntzako teknologian. "Eta, horren ondorioz, bai materialetan eta bai energian aurreztea lortzen du; batzuetan %60raino". Horrela, ohiko fabrikazioak gaur egun diseinuan dauzkan "mugak" gainditzea dakarrela nabarmendu du Arandiak: "Aproposa da orain arte fabrikatu ezin ziren berebiziko xehetasun, geometria eta testurak dituzten piezak sortzeko".
Arandiak aitortu du, hori bai, makina "esklusiboa" dela, ez baitago edonoren esku hura eskuratzea: milioi bat inguruko kostua du. Ibarmiako zuzendari nagusiak jakinarazi du, halere, Herbeheretako eta Espainiako zenbait enpresek interesa agertu dutela dagoeneko makina erosteko. "Momentu honetan mundu mailan dagoen makina garatuena eta lehiakorrena da. Horrelako ezaugarriak dituen bakarra da", goraipatu du.