Industria

Industriaren fakturazioa erdira murriztu da Hego Euskal Herrian

Martxotik apirilera, salmenten %50 galdu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektoreko enpresek, eta %48,3 Nafarroakoek

Behargin bat lanean, Gasteizko Mercedesen. RAUL BOGAJO /FOKU
xabier martin
2020ko ekainaren 22a
12:17
Entzun

Enpresariak abisatzen ari ziren: eskaerak jasotzeari utzi diote koronabirusaren krisia dela eta. Dramatikoa gertatu da enpresa askorentzat martxoko itxialdiko itzulera, jarduera hasi bai baina eskaerarik ez direlako jasotzen ari, eta horrek isla zehatza izan du INE Espainiako institutuak emandako datuetan: Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeetan %50 jaitsi da martxorik apirilera enpresen fakturazioa. Antzeko galera izan dute sektoreko enpresek Nafarroan: %48,3.

Begi bistakoa da munduko merkatu garrantzitsuenak ez daudela inondik ere normalizatuta, eta egoera hori bete-betean jotzen ari da euskal industria, haren salmenten gehienak atzerrian egiten direlako; nazioartekotze handia, oraingoz, ez da laguntzen ari eroriko itzela galgatzen. Enpresak euroguneko merkatuetan nabaritzen ari dira gehien jardueraren moteltzea, baina paralisia orokorra da.

Autogintzak izan duen geldialdi bortitzak nabarmen eragin du euskal industriak fakturazioan izan duen inoizko gainbeherarik handienean. Autoak saltzeari utzi zaio azken hilabeteetan; Hego Euskal Herrian, %62koa izan da erorikoa, eta sektorearentzat oinarrizko motorra da hori. Europako gobernuak gertutik ari dira erreparatzen autogintzaren arazo larriari, eta kezka horrek azaltzen du hainbatek martxan jarritako suspertze plan handiak, inoizko handienak diruz eta helburuz. Madrilek berak 3.700 milioi euroko plan bat onartu zuen joan den astean, eta auto berriak erosteko laguntzak jasotzen ditu plan horrek.

Basamortua igarotzen

Autogintzaren egoera beltzak ez die bakarrik eragiten ekoizle handiei eta haien osagai hornitzaileei, tartean CIE Automative eta Gestamp, baizik eta baita makina-erremintari ere, autogintzarekin lotutakoa baita haren salmenten parte handi bat.

COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoak ez dezan luze jo, oinarrizkoa da industriak azkar errakzionatzea, baina Mondragon taldeko presidente Iñigo Uzinek egunkari honi esan zion atzo ziurgabetasuna gailentzen dela oraingoz, "basamortu bat" igarotzen ari direla enpresak, eta merkatuetan gutxieneko normaltasun bat lortu arte ezingo dela hasi susperraldi esanguratsu bat. Alegia, birusaren eboluzioak finkatu duela susperraldiaren erritmoa.

Industria da oinarriko aldagai bat ekonomiak datorren urtean edo aurtengoaren bukaeran izan dezakeen errebote hori gerta dadin, eta irailetik aurrerako jarduera gertutik aztertu beharko da, jakiteko sektorea asmatzen ari ote den birusak baldintzatutako merkatuekin ere aurrera egiteko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.