Industriaren Legeak aurrera egin du, PSEren babesarekin

Ivan Santamaria.
2004ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko Industria, Merkataritza eta Turismo batzordeak oniritzia eman dio Industriaren Legea aztertu duen lan-taldeak igorri duen irizpenari. Testuak Eusko Jaurlaritza babesten duten hiru alderdien (EAJ, EA eta EB-IU) eta PSE-EEren aldeko boza izan du. PP abstenitu da eta Sozialista Abertzaleek aurka bozkatu dute. Legebiltzarreko osoko bilkurari dagokio orain legea behin betiko onartzea.

Lege proiektuak 41 artikulu ditu, eta industria jarduera eta sustapena arautzen ditu. Halaber, segurtasuna eta kalitatea jorratzen ditu. Era horretan, instalazioak, tresneria eta prozesuak kontrolatzeko administrazioak izango dituen irizpideak finkatzen ditu. Lau urtean behin, gainera, Industria plan estrategikoak egingo direla aurreikusi du egitasmoak.PSE-EEk osoko zuzenketa aurkeztu zion proiektuari. Hala ere, atzera bota eta onartzea erabaki du. Jesus Loza legebiltzarkide sozialistak azaldu duenez, hirukoak euren proposamenak aintzat hartu izanak eragin du iritzi aldaketa. Ildo horretan, legearen edukia «teknikoa» dela nabarmendu du. Fernando Maura PPko eledunak ere legearen izaera hori azpimarratu du. Hala ere, zazpi zuzenketari eutsiko dio osoko bilkuran egingo den eztabaidarako. Bestalde, Jon Salaberria SAko legebiltzarkideak legearen edukia gaitzetsi du, eta ez dela politika industrialari buruz benetako eztabaidarik izan kritikatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.