Aurtengo lehen hiru hilabeteetako datuak iazkoekin alderatuta, ekoizpenaren jaitsiera %27koa da Nafarroan, eta %24koa EAEn.
Aurtengo martxoan iazkoan baino lan egun gehiago izan dira. Egutegiaren eragin hori kenduz gero -bi urteetako lan egun kopurua parekatzea-, industria produkzioaren jaitsiera are handiagoa izango litzateke. Nafarroan, esaterako, %28,8koa.
Eustatek herenegun eman zituen Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagozkien datuak. Industriaren ekoizpena %31,1 jaitsi zen Araban, %27 Gipuzkoan eta %24,4 Bizkaian. Iazko eta aurtengo martxoko lanegun kopuruak parekatuta ateratako datuak dira Eustatenak.
Nafarroan energia eta metal industriak izan dira ekoizpenean beherakada handiena izan duten sektoreak, iazko datuekin alderatuz gero: %42,3 eta %26,7, hurrenez hurren.
Tarteko ondasunak behera
Ondasunen helburua aintzat hartuta, tarteko ondasunen ekoizpena jaitsi da gehien, bai Nafarroan (%22,4), bai EAEn (%20,2). Hala ere, ekipo ondasunek ere jaitsiera handia izan dute, %17koa EAEn eta %14koa Nafarroan.
Industriaren egoera zaila da. Gero eta okerragoa. «Industriaren egoeraz argitaratzen diren datu ekonomikoek sektore horren bilakaera etsigarrian sakondu besterik ez dute egiten», esan du Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak, Koiuntura di-da batean buletinaren maiatzeko zenbakian.
Zuzendaritzak nabarmendu du industria giroaren indizeak 1993tik izan den daturik txarrena eman duela. Indize horrek stock-ei buruzko datuak, eskariei buruzko iritziak eta ekoizpena konbinatzen ditu.
Gogoratu du industria krisian dagoela Europa osoan. Otsailean industria jarduera batez beste %17,5 jaitsi zen Europako Batasunean eta %18,4 euroaren eremuan.
############
Ordainketak eten dituzten enpresakhirukoiztu egin dira
Iazko lehen hiruhilekoan 37 enpresak eten zituzten ordainketak Hego Euskal Herrian; aurtengoan, aldiz, 108k, hau da, ia hiru aldiz gehiagok. Urtebeteko hazkundea handia izan da, baina baita iazko azken hiruhilekotik aurtengo lehenengora izandakoa ere: enpresen kopurua bikoiztu baino gehiago egin da, iazko 51tik aurtengo 108ra.Espainiako Estatistika Erakundeak (INE) Konkurtso Legera jo duten enpresen eta pertsonei buruzko datuak eman zituen atzo. Zenbakiek erakutsi dute industriaren bilakaera kezkagarria dela: iazko lehenhiruhilekoan industriako zortzi enpresak eten zituzten ordainketak; aurtengoan, aldiz, 49k.
Konkurtso Legera jo duten enpresa gehienak txikiak dira. Aurkeztutako 108etatik 11k dituzte 50 langile baino gehiago, INEren arabera.
############