INEMek zenbatutakoen %32,6 ez daudela langabezian dio Eustatek

LANEren irizpideei jarraitzen die Eustatek, INEMek, ez; horregatik ez dituzte kopuru berberak ematen biek

Erredakzioa
Donostia
2009ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Hilero ematen dituzte langabeziari buruzko datuak Eustatek eta INEMek. Bi kopuruak, ordea,ez dira bat etortzen; Eustatena txikiagoa izaten da. Martxoan, esaterako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %11,38ko langabezia tasa zegoela esan zuen INEMek; Eustaten arabera,%7,7koa zen. Azken horren arabera, Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) landutako irizpideei jarraituz gero, INEMen izenda emanda dauden %32,6 ez daude langabezian.

Kontaketa egiteko modu ezberdina dute batak eta besteak. LANEk jarritako ezaugarriak hartzen ditu kontuan Eustatek. Nazioarteko erakundearen arabera, pertsona bat langabetzat hartzeko hiru baldintza bete behar dira. Alde batetik, soldatapeko enplegurik edo norbere eskukorik ez izatea. Bestetik, enplegua lortzeko kudeaketa aktiboa egitea. Azkenik, lanerako prest egotea.

INEMen zenbaketa, ordea, erregistro administratiboan oinarritzen da. Enplegubulegoan izena ematen dutenak hartzen ditu langabetzat. Hala, posible da erretiro aurreratua hartu dutenak nahiz erretiratuta daudenak edota lanaldi murritzagoak eduki eta egun osorako enpleguaren biladabiltzanak ere langabetzat hartzea.

Antzeko kopurua

LANEren irizpideak aplikatuz gero, INEMen zerrendetan daudenen %26,1 ez-aktiboak direla dio Eustatek. Beste %6, berriz, okupatutzat har daitezke. Bi datu horiek kontuan hartuz gero,INEMen izenda emandako langabeak 75.000 direla dio. Eustatek emandako kopuruaren -77.800- nahiko antzekoa da hori.

LANEren definizioari jarraitzearen aldekoa da Eustat, besteak beste, datuak nazioarteko herrialdeekin alderatzeko aukera ematen duelako. Eurostat Europako estatistika erakundeak ere metodologia hori bera erabiltzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.