Merkealdiaren eraginez, inflazioak behera egin zuen joan den hilabetean Hegoaldeko lau herrialdeetan. Jaitsiera apal hori, baina, ez da urte arteko tasan islatu, eta Kontsumo Prezioen Indizeak (KPI) beste %0,3 egin du gora. Dagoeneko %5eko muga gainditu du: %5,2. Aurten, orain arte, %2,1eko inflazioa pilatu da, aurreko hilabetean baino %0,1 gehiago.
Udako beherapenen efektua argi sumatzen da, produktuen araberako KPI aztertzen bada. Hala, jaitsiera esanguratsu bakarra jantzi eta oinetakoetan gertatu da, hala uztailean nola urtea hasi zenetik. 2008ko urtarriletik, esaterako, atal horretan inflazioa %15,4 jaitsi da Bizkaian, eta %14 Araban. Nafarroan eta Gipuzkoan, berriz, jaitsiera ia %11koaizan da.
Uztailean KPIren jaitsierarik handiena Araban izan da, %0,7 murriztu baita tasa. Bizkaian %0,5, eta Gipuzkoan, %0,4. Nafarroan, berriz, murrizketa oso txikia izan da, %0,1 gutxiago, besterik ez. Urteko KPIri dagokionez, Gipuzkoak du daturik txarrena, %2,3, 2008a bukatzeko bost hilabete falta direla. Bizkaian %1,8 da, berriz.
Urte arteko inflazioak, ordea, aspaldiko datu kezkagarrienak islatzen ditu. Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagokienez, 1995. urteko udara egin behar da atzera urte arteko tasa handiagoak aurkitzeko. Nafarroan 1996ko urtarriletik ez zuen inflazioak %5eko muga gainditzen.
Garraioa, etxebizitza eta elikagaiak dira igoera horren eragileak. Hiru sektore horiek KPI orokorraren gainetik igo dira herrialde guztietan. Garraioaren kasuan, erregaien prezioak zerikusi zuzena izan du. Etxebizitzari dagokionez, argindarra faktore erabakigarria izan da. Azkenik, elikagaien igoera apaldu da azken hilabetean, baina oraindik ere oso esanguratsua da, %7 baino gehiago Nafarroa ez beste hiru lurraldeetan.
Espainiako Gobernua, baikor
Uztaileko datuak eskuetan, inflazioaren etorkizunari buruzko irakurketa itxaropentsua egin du David Vegara Estatuko Ekonomia idazkariak, gobernuaren izenean. Haren irudiko, prezioen igoerak goia jo zuen joan den hilabetean, eta behera egingo du urtea amaitu bitartean. Vegararen apustua urtea %4ko inflazioarekin bukatzea da.
Ekonomia Ministerioko ordezkariak are urrunago begiratu zuen, eta, petrolioaren salneurriaren igoera geldiarazten bada inflazioa %3ra jaisteko «prozesu azkarra» izango dela ziurtatu zuen.
Euskal Herriko sindikatuak ez datoz bat ikuspegi baikor horrekin. LABen aburuz, merkealdiak erabat baldintzatu du uztaileko datua, eta urte arteko tasari so egin behar zaiola azpimarratu du, «benetan kezkagarria». Kontsumorako prezioen igoerak familien ekonomia «itotzen» ari dela salatu du sindikatu abertzaleak, ohar baten bidez. «Soldata txikiak eta laguntza urriak dituzten langileen aurrekontuaren zatirik handiena eramaten du oinarrizko produktuen erosketak».
KPIren bilakaera negoziazio kolektiboarekin lotu du zuzenean ELAk, bestalde. Sindikatu horren helburua soldata igoerak KPI historikoaren gainetik egotea izango da. Hala, iazko KPI (%4,2) izango da ELAren erreferentzia, eta ez Gobernuaren aurreikuspena (%2). Inflazioaren errua «enpresaburuen irabaziek, merkataritza marjinek eta espekulazioak» dute, Gobernuen «geldotasunarekin» batera.
Nafarroako UGTren ustez, soldaten igoerak ez du zerikusirik inflazioaren igoerarekin. Aurrera begira, lan itunetan berrikuspen klausulak ezartzen saiatuko da, urtearen bukaeranbenetako KPI aintzat hartzeko.
Bestalde, Nafarroako Merkataritza Ganberak hiru gomendio egin ditu egoerari aurre egiteko: petrolioarekiko dependentzia gutxitzea, kosteei eustea eta produktibitatea handitzea.
Inflazioa 0,4 jaitsi da uztailean, baina urte arteko tasak gora egin du
Espainiako Ekonomia Ministerioaren ustez, goia jo dute kontsumo prezioek, eta apalduko dira urtea amaitu aurretik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu