Merkealdiek behera eragin diete Hego Euskal Herriko kontsumo prezioei: %0,6 jaitsi ziren uztailean. Aitzitik, inflazioa %1,3 igo da urtarrilaz geroztik, eta %3,2 iazko udatik hona. Eurogunekoa baino %1,1 gorago dago, INE Espainiako Estatistika Institutuak jakitera eman duenez. Sindikatuek, gainera, ohartarazi dute garraioaren, etxebizitzaren eta turismoaren garestitzea «estali» dutela jantzien eta oinetakoen prezio apalagoek.
Uztaileko inflazioa, LABen hitzetan, %0,5 handituko zatekeen jantzien eta oinetakoen merkatzeari (%10) ez ikusiarena eginez gero. Kontsumo Prezioen Indizea (KPI) kalkulatzeko sistema berriak hutsuneak dauzkala, eta «benetako igoera» islatzen ez duela salatu du sindikatuak, halaber. «Etengabe txikitzen ari da herritarren erosteko ahalmena, eta etengabe handitzen ugazaben irabaziak». Garraio eta energia konpainietako buruenak, esate baterako.Erregaiaren, etxebizitzaren eta hotelen prezioak igo ziren gehien Hego Euskal Herrian. Aldea badago, ordea, herrialde bateko eta besteko inflazioaren artean. Urte artekoa %3,5ekoa da Araban eta Bizkaian. Nafarroan %3,3koa eta Gipuzkoan,azkenik, %2,7koa. Aisialdia Bizkaian garestitu zen gehien: %2, hilabeteren buruan. Gipuzkoan, berriz, jatetxeen eta ostatuen gorakada da aipagarriena.
Etxebizitza apenas garestitu zen herrialde horretan (%0,4), baina igoerak %1a gainditu zuen beste hiruretan. Datuon inguruko irakurketa ezkorra egin du Euskadiko CCOOk: «Jantzien, oinetakoen eta etxeko tresnen merkatzeak ezin izan dio eutsi petrolioaren, hotelen eta jatetxeen garestitzeari». Inflazioa «azken bost urteetako bide beretik» doala eta, epe horretan, Eurogunekoa baino %8 gehiago igo dela kritikatu du sindikatuak. Ez du ulertzen, beraz, Espainiako Gobernuaren «poza». CCOOren arabera, Administrazioak garrantzi «txikiegia» eman dio urtez urte Euroguneko kontsumo prezioen hazkundea «txiki» uzten aritzeari.
«Petrolioari lotuta daude etorkizuneko arriskuak»
Usteak uste, aldea «betiko bera» dela azpimarratu du Espainiako Gobernuko Ekonomia idazkari David Vegarak. «Ekonomia eta Diru Batasuna sortu zenetik, beti ibili gara %1en bueltan». Prezioak igoarazten dituen «egiturazko presio handirik» ez dagoela nabarmendu, eta petrolioari egotzi dio urte arteko inflazioaren gorakada. «Geroko arriskuak» ere petrolioari lotuta daude, eta «zaila» izango da aurtengo inflazioa %3tik jaistea, joeraerrotik aldatu ezean.
Urtarriletik hona %1,5 garestitu dira kontsumo prezioak Espainian, eta urte arteko inflazioa %3,3ra iritsi da, uztailean KPI %0,6jaitsi zen arren. Batik bat, garraioak egin zuen gora (%1,7),etxebizitzaren eta aisialdiaren prezioek halako bi. PSOEk ez, oposizioko alderdi guztiek etasindikatuek Gobernuari eskatu diote petrolioa «aitzakia» moduan ez erabiltzeko. Inflazioa enpresaburuentzat «negozio oparoa» dela gaitzetsi dute IUk eta UGTk, gainera.Frantzian, bestalde, prezioak %0,2 besterik ez ziren apaldu uztailean. Merkealdiei esker, indizeak ia ez zuen igarri gasaren tarifen eta, orobat, erregaiaren garestitze bortitza.
INFLAZIOA HEGO EUSKAL HERRIAN. Urte arteko inflazioa gora doa, prezioak %0,6 apaldu arren
Udako merkealdiak «mozorrotu» egin du garraioaren, aisialdiaren eta etxebizitzaren garestitzea, sindikatuek aho batez gaitzetsi dutenez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu