Inflazioa jaitsi egin da uztailean, beherapenei esker

Jantzi eta oinetakoak merkatu dira gehien; Araba eta Nafarroan %2,7 gelditu da inflazioa, Bizkaian eta Gipuzkoan %2,5ekoa

Erredakzioa
2003ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Prezioek behera egin zuten igaro uztailean Hego Euskal Herrian: Gipuzkoan gehien, %0,6, Bizkaian %0,5, Araban %0,4 eta Nafarroan gutxien %0,3. Hala ere, urtearteko inflazioari dagionez, puntu bana egin du gora Araban (%2,7raino) eta Bizkaian (%2,5raino). Aldiz, Gipuzkoan eta Nafarroan puntu bat egin zuen behera urtearteko Kontsumo Prezioen Indizeak.

Beherapenak izan dira uztaileko inflazioaren apaltzearen erantzule nagusiak, eta horren erakusgarri da jantzi eta oinetakoen sektoreko prezioen jaitsiera nabarmena: Bizkaian %9,8 , Gipuzkoan %9,3, Araban %9,1 eta Nafarroan %7,4 egin zuten behera produktu horien salneurriek. Nafarroako jaitsiera txikiagoa izatea herrialde horretan beherapenak beranduago hasten direlako azal daiteke.

Tresneriarena izan da salneurrietan apaltzea izan duen beste alorra, baina jantziena baino askoz ere murritzagoa. Komunikazioak ere zertxobait jaitsi dira, Araban ezik.

Prezioetan gorakada izan duten sektoreetan, berriz, hotel, kafetegi eta jatetxeak eta astialdia eta kultura alorrek izan dute igoera handiena opor garaiaren hasiera markatzen duen uztaileko hilabetean. Elikagai fresko eta alkoholik gabeko edarien alorrean ere gora egin dute prezioek, baina aurretik aipatutakoek baino gutxiago. Energiaren neurgarri den garraioaren alorrean ere, igoera izan da.

Espainiako datuei dagokionez, %0,6 jaitsi ziren prezioak uztailean, baina urtearteko inflazioak gora egin zuen %2,8raino. Aldakorrenak izaten diren elikagai freskoen eta energia gaien salneurriak kontutan hartzen ez dituen azpiko inflazioa, berriz, %1 murriztu zen, %2,9an kokatzeraino.

Espainiako Gobernuko ekononomia estatu idazkari Luis de Guindosek eman zuen atzoko datuei buruzko balorazio ofiziala. Haren arabera, «uztaileko KPIk agerian uzten du Espainiako inflazioa %3 azpitik kokatzeko joera sendoa duela». De Guindosen ustez, urtearteko tasaren puntu bateko igoera «koiunturala da», eta abuztuan, irailean eta urrian urtearteko KPI %3aren azpitik mantenduko dela aurreikusten du, «%2,5aren inguruan».

Europako Batasuneko inflazioaren batazbestekotik (%2) oraindik urrun dago, ordea, Espainiakoa, «baina %0,9 inguruko aldea puntu bateko mugaren azpitik dago, Espainiako hazkunde eta lehiakortasunaren aldearekin osagarria da» De Guindosen ustez.

Urtearteko inflazioaren gorakada hori izan zuen hizpide baita Espainiako patronalak biltzen dituen CEOEk: «Tamalez, beherapenen eragin garrantzitsua ez da nahikoa izan elikagai, erregai eta aisialdietan jarduera turistiko handiak eragindakoprezio igoerak konpensatzeko adinakoa».Merkataritza ganberen arabera, Espainiako Gobernuak egiturazko erreformekin, merkatuen liberalizazioarekin besteak beste,kontrolatu beharko lituzke enpresen lehiakortasunean arazoak eragin ditzaketen prezioak.

Sindikatuetan ere ez da nagusitu Madrilgo Gobernuaren baikortasuna. Euskadiko CCOOk salatu zuen produktu beharrezkoenak, elikagaiak, esaterako, gehiegi garestitu direla urtean zehar. Eusko Jaurlaritzari PPren politika ekonomikotik aldendu eta inflazioa kontrolatzeko beharrezko neurriak hartzeko dei egin zion Euskadiko CCOOk.>

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.