Hego Euskal Herriko inflazioak jada bost hilabete daramatza jarraian kopuru negatiboetan. Irailekoa -%0,6koa izan da. Abuztuan prezioek gora egin bazuten ere, irailean berriro behera egin dute,-%0,2. Inflazioa negatiboa da Hego Euskal Herriko probintzia guztietan, Nafarroan bereziki: -%1,5. Bizkaian abuztuko tasa positiboaren ostean (%0,1), berriro zenbaki negatiboetara itzuli da irailean (-%0,2), INE Espainiako Estatistika Erakundeak emandako datuen arabera.
Jaitsierarik handienak garraioak, ibilgailuek eta aisialdiak eta kulturak izan dute. Garraioaren kasuan Hego Euskal Herrian prezioak %6 baino gehiago merkatu dira urtebetean eta %1,5 inguru abuztutik irailera.
Inflazioak iazko uztailean jo zuen goia: orduan prezioak 2007ko uztailean baino %5,2 garestiagoak ziren Hego Euskal Herrian. Iazko uztailetik, baina, hilabetetik hilabetera inflazioak behera egin du eta negatiboa izan da maiatzetik aurrera.
Espainian inflazioa negatiboa izan da irailean, zazpigarren hilabetez jarraian: prezioak %0,2 merkatu dira abuztutik irailera eta inflazioa -%1ekoa da.
Espainiako Gobernuak, hala ere, uste du prezioek hazkunde positiboa izango dutela urte bukaeran. Elena Salgado Espainiako Ekonomia ministroaren esanetan, hazkunde txikia espero dute. Salgadok petrolioari egotzi dio iraileko prezioen jaitsiera, petrolioa garestiago zegoelako iazko irailean aurtengoan baino. Hala ere, iaz petrolioaren prezioak uztailetik aurrera izan zuen jaitsiera ikusita, inflazio positiboa espero du urte amaieran, iazko prezioaren eta aurtengoaren arteko aldea murriztu egingo delako.
Soldatei buruzko eztabaida
Ikusteko dago KPIak izango duen eragina hurrengo urteko soldaten igoeraren negoziazioetan. Espainiako Enpresaburu Elkarteen Konfederazioak (CEOE) atzoko datua baliatu zuen negoziazio kolektiboan proposatuko duen soldaten igoera zuritzeko: %0-1 artekoa. CEOEren arabera, neurri horretako igoera bidezkoa da, prezioak merkatu egin direlako, langileen eros ahalmenari eusten diolako eta krisi garaia delako.
Enpresarioen neurriko ahalegina eskatu die langileei. CEOEren iritziz, enpresarioek prezioak apaldu dituzte kontsumoari eusteko, eta, orain, langileek pareko ahalegina egin behar dute: «Soldatei eustea, enplegua eta enpresen jarduera mantentzeko».
Euskadiko UGTk, aldiz, justu kontrakoa eskatu du: soldaten igoera, kontsumoa bultzatzeko. Maribel Ballesteros Ekintza Sindikaleko idazkariaren arabera, «funtsezkoa da soldaten eros ahalmena bermatzea eta handitzea, eskaria handituta bakarrik lortuko baita ekonomia suspertzea eta enplegua sortzea». Dei egin die enpresarioei eta sindikatuei negoziatu gabe dauden lan hitzarmenak negoziatzera.
Inflazioa negatiboa izan da bosgarren hilabetez jarraian
Abuztutik irailera prezioak %0,2 merkatu dira Hego Euskal Herrian, garraioaren eta ibilgailuen prezioen jaitsierak eraginda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu