Maiatzean prezioak aurreko hilabeteetan baino dezente bizkorrago handitu dira Hego Euskal Herrian, eta, iazko maiatzarekin alderatuta, KPI kontsumo prezioen indizea %2raino handitu da, apirilean zenbatutako %1eko inflazio tasatik jauzi handia eginez. Hilabeteko tartea kontuan hartuta ere, hots apiril bukaeratik maiatz amaiera arteko prezioen igoera, ia puntu bat egin du gora indizeak, %0,9.
Bilakaera horren erantzule nagusia erregaien prezioak izan dira. Azken asteetan petrolioa aspaldiko salneurri garestienetan dabil nazioarteko merkatuetan. Hain zuzen, AEBek Irango itun nuklearra hautsi eta zigorrak iragarri ostean, maiatzaren erdialdean gainditu zuen Brent petrolio upelak 80 dolarren langa, eta 2014. urtetik izandako prezio garestiena iritsi zuen.
Eta, jakina, erregai garestiagoek zuzenean eragiten dute hainbat kontsumo prezioetan. Garraio prezio handiagoak ekartzen dituzte —%5 inguru hazi dira prezioak sektore horretan—, baita argindarraren prezioen igoera ere, eta beraz, etxebizitza gastuena ere. Era berean, elikagai freskoen salneurria handitu ohi dute. Maiatzean, adibidez, fruitu freskoak nabarmen garestitu dira, joan den urteko hilabete berean baino dezente gehiago.
Herrialdeka, Gipuzkoan da handiena urte arteko inflazio tasa, %2,2koa. Nafarroan, tasa %2,1 hazi da; Araban, %2; eta Bizkaian %1,9an gelditu da.