Prezioen gorakadak aurrera jarraitzen du Hego Euskal Herrian. Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) %0,4 igo zen maiatzean, aurreko hilabetearekin alderatuta, eta duela urtebete baino %2,9 handiagoa da. Urtea hasi zenetik, bosgarrenez igo da jarraian, eta inflazioa duela lau urtetik ezagutzen ez zen mailan kokatu da. 2017ko otsailera arte egin behar da atzera: orduan ere %2,9koa izan zen.
Inflaziorako joera hori energien prezioen bilakaeragatik eman da, eta bereziki argindarraren eta gasaren igoerengatik: %12,2 Nafarroan eta %10,5 gainerako hiru lurraldeetan. Garraioarekin loturiko jardueren prezioek ere egin dute gora, %9,2 eta %9,4, hurrenez hurren.
Elikagaien, etxeetarako tresnen eta osasun produktuenek ere goranzko joeran jarraitu dute, baina maila apalago batean. Aurrenekoen kasuan, adibidez, %2,4 eta %1,7, igo dira urtea hasi zenetik. Tasa negatiboetan daude oraindik ere, berriz, aisialdiarekin eta kulturarekin loturiko jarduerenenak.