Usurbilgo Ingemarren lan gatazkak koska bat egin du gora zuzendaritzak hura ixteko hartu duen erabakiaren ondoren. Egoitza nagusia Usurbilen (Gipuzkoa) daukan arren, enpresak Lugoko epaitegi batera eraman zuen lehiaketa eskaera aurtengo urtarrilean, han beste fabrika bat duenez, horretarako aukera zuelako. Bada, hango epaitegiek Usurbilgo beharginak kaleratzeko dosierra onartu du, eta kontsulta epea abiatu da jadanik.
Marmol eta granitoen enpresak Usurbil likidatu egin nahi du, eta beharginek diote bideragarria dela, eta konkurtso legea baliatzen ari dela horretako, berez, lehiaketa legea enpresa bizirauteko saio bat den arren. «Zuzendaritzaren helburua bada aktibo handien jabe egitea Usurbilgo plantarentzat bideragarritasun planik egin gabe, batzorde honek bere esku dagoen guztia egingo du sare sasimafioso hori apurtzeko eta bakoitza bere lekuan uzteko», esan du Ingemarreko langile batzordeak. Beharginen ordezkariek uste dute hartzekodunak asetzeko hitzarmen baten itxurak egiten ari dela enpresa, «baina aldi berean negozioa txikitzen ari da, eta horrek adostutako betetzea ezinezkoa egiten du».
Langile batzordeak enpresatik harago eraman ditu salaketak, lehiaketaren kudeatzailea eta zuzendaritza elkar hartuta ari dela esan baitu, «konkurtsoa lehenbailehen bukarazteko». Langileen ordezkarien arabera, «alde bakoitzak bere zatia eraman nahi du, baina beharginen bizkarretik».
Usurbilgo langile batzordeak dio kontratuak hausteko dosierra aurkezteak ez duela oinarririk, eta «neurri baztertzailea» dela, taldearen beste planta batzuk antzeko egoeran daudelako; haientzat ez da kaleratze dosierrik eskatu. Dosierrak negozio bolumena txikituko duela azaldu zuen langile batzordeak, bistan denez, eta horrek emaitzei eragingo diela, enpresaren bideragarritasuna hauspotu beharko luketen emaitzei. «Agerikotzat» jotzen du saltzen ari diren aktiboak enpresaren ondarea murritzen ari direla, eta horrek etorkizuneko negozioa baldintzatzen duela.