Ingemarren hileta irudikatu dute Donostian

Espedientearen kontsulta epea gaur amaitzen da, eta bi aste inguru izango ditu Lan Sailak erabakia hartzeko

Ingemarreko langileak, mozorrotuta, kaleratzeen aurka Donostian egindako protestan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Miren Garate.
Donostia
2011ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Usurbilgo Ingemar enpresak aurkeztutako espedientearen kontsulta epea gaur amaitzen da. Langileen ordezkariek eta zuzendaritzak ez dute inolako akordiorik lortu, eta Lan Sailak erabaki beharko du nori eman arrazoia. Bi aste inguruko epea izango du horretarako.

60 langile bota nahi ditu marmol enpresak, lana murriztu egin dela argudiatuta. Langileen arabera, ekoizpena Galizian duen lantegira eraman du, eta hori da lan gutxiago egotearen arrazoia. Atzo, protesta egin zuten Donostian. Ingemarren hileta irudikatu zuten. Apaizez jantzitako bi langile joan ziren hasieran; haien atzetik, lau langileren artean kutxa bat eraman zuten, Ingemar eraila 1952-2011 zioena; alargun rola jokatu zuten beste lauk, eta koroa eraman zuen beste batek; gainerako langileak pankartaren atzetik joan ziren, eskuetan gurutzeak zituztela. Hileta doinuak jarri zituzten bozgorailuetan, eta Ez, ez, ez, despidorik ez oihu artean egin zuten ibilbidea.

Anoeta estadioan hasi zen manifestazioa, eta Bulebarrean bukatu. Tartean, Gizarte Segurantzaren egoitza aurrean geratu ziren. Han are ozenago egin zuten buila. Sartu ere egin zirenhainbat langile, eta lan ikuskatzailea jaitsi zen. Astelehenerako deitu zituen, 10:00etan, zuzendaritzarekin batera bilera egiteko.

50 urte ingurukoa da Ingemarreko langileen batez besteko adina. Hori dela eta, kolpetik 60 kaleratu beharrean, erretiro aurreratuekin ere egin daitekeela berregituraketa uste dute langileek. Hori proposatu diote zuzendaritzari ere, lauzpabost urte barru 60 langile egongo direla erretiroa hartzeko moduan. Enpresak, ordea, «jarrera itxia» duela diote: «Jendea bota nahi du gutxieneko kopurua ordainduta; ez dubeste proposamenik entzuten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.